Herri Urrats maiatzaren 9an ospatuko da
Jai honen bidez irabazitako etekinak Iparraldeko bosgarren kolegioaren eraikuntza diruztatzera joango dira bideratuta
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 27 urtarrila 2021, 22:08
Herri Urrats maiatzaren 9an ospatuko da. Hala adierazi zuen astearte honetan Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak. Jai honen bidez irabazitako etekinak Iparraldeko bosgarren kolegioaren eraikuntza diruztatzera joango dira bideratuta.
Koronabirusaren pandemiaren harira, hainbat buelta eman diote ikastolen festa ospatzeko moduari begira, hainbat aukera ezberdin ikertuz. Dena den, oraindik nolakoa izango ote den jakiteko goiz xamar da, antolatzaileen ustetan. 'Boga' lelopean 300.000 euro biltzea espero dute.
Hortaz, nahi duen edonork Boga.herriurrats.eus wegbunean bosgarren kolegioaren eraikuntza ekonomikoki babesteko aukera izango du. Norbanakoek 20 eta 2.000 euro bitarteko ekarpena egiteko aukera izango dute helbide horretan.
Aipatu bezala, 'Boga' da aurtengo Herri Urratsen leloa, aurraunlariek itsasoan egiten duten bezalaxe, Seaskarekin batera, euskaldun guztiei arraun egiteko eskua luzatzen diete, elkarlanean eta indarrak uztartuz. Ipar Euskal Herriko ikastolek erronka politak dituzte etorkizunean, eta horietan jendearen babesa ezinbestekoa da, antolatzaileek diotenez.
Gaur egun Ipar Euskal Herrian lau kolegio daude, hala nola, Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa, Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegio historikoa, 2017. urtean martxan jarritako Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan (Lapurdi) eta Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa.
SEASKA Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkartea da eta 34 ikastolak (lehen mailako 31 ikastolak, hiru kolegioak eta lizeoa) osatzen dute. Ikastolak Hezkunde Ministeritzari lotuta daude elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatutuaren bitartez.