Hegazti errariak
Krisi bakoitzak bere literatura dakar, ezberdina betiere. 29ko krisi hark Steinbecken maisulana ekarri zuen
Garai batean, jendea, alegia gizon-emakumeak, toki batetik bestera ibiltzen ziren, nahita gehienetan. Txori errariak bezalakoak ziren: uda, toki hotzetan; negua, beroenetan. Orain arte ikus zitezkeen gure artean. Titiriteroak ziren, zirkuko artistak, ferianteak, hiriz hiri edo herriz herri ibilki, jornala ateratzen zutenak. Ez dago literatura askorik gai horretaz, baina bai film gogoangarririk. Unibertsitatean ikasten ari nintzelarik, Alexander Klugeren pelikula bat ikusi genuen: 'Zirku baten karpapeko artistak: harridura'. 1968koa da; zenbakiak adieraz lezakeen neurri eta dotoretasunaz jantzirik etorri zen, garai hartan. Esaten duena oso da sinplea, askatasunak bere mugak dituela, norberak jarriak askotan. Aldaketa (edo iraultza) ez da erraza; gizakiak, berez, lege zaharren mendekoa denez, ez du lege berririk nahi. Iraultzaren beldurra, noski. Kluge Adorno filosofoaren laguna zen, eta, idazlea izateaz gainera, 'zinema berria' aldarrikatzen zuen. Veneziako Mostran saririk garrantzitsuena irabazi zuen. Jakin izan dudanez, filma oraindik ikusgai dute hainbat zineklubetan. Ez da gutxi.
Harriturik egoteko motibo askorik ez dugun arren, harriturik geratzen gara harridura zabalduxeagoa ez izateagatik. Battiatoren kanta baten hitzak datozkit oroimenera: «Bidaiariak badoaz abegi onaren bila, eguzkiak jotako herrietan, mugagabetasunaren errebaletan». Battiato poeta surrealistatzat jo dezakegu, surrealismoak porrot egin duen garaian. Baina zerk ez du porrot egin eta erreka jo? Zer geratzen da 68ko maiatz hartatik? Hemendik gutxira Italikako hondakinak bezala izango da kantatua. Eta maiatz hura loretsua izan bazen ere, belar zatarra baino ez du utzi soroan. Mugagabetasuna, ordea, mugatua da aspaldi. Muga da mugarik ez duen espazio ia bakarra. Muga, euskaraz esanda ere, hizkuntza guztietan ulertzen den esanahiaren eramaile bihurtu zaigu, zentzu bakarrekoa ez bada ere.
Jessica Bruderrek liburu kezkagarri bat idatzi du: Nomadland. Lan horretan oinarriturik bada pelikula bat, eta Frances McDormand ikus dezakegu, paper nagusian. 2008ko krisiaren eraginez, gizon-emakume asko etxerik gabe geratu zen. Horietako asko, erretiroko dirurik gabe ere bai. Beraz, zituzten aurrezkiak hartu, autokarabana bat erosi eta, autoa etxetzat harturik, inondik inora ibiltzen hasi ziren, lan bila. Pelikula ikusgarria da, ez ohikoa, estetikoki esan nahi dut. Irudiak, Estatu Batuetako mendebaldekoak, txundigarriak dira; handitasuna eta oparotasuna erakusten dute. Haren aldean, orpoz orpo bezala, etxe ibiltarien txikitasuna, aparkalekuen txirotasuna eta gizon-emakumeen harremanen hauskortasuna ageri dira: bakardadea eta bakartasuna, bakarrik egon nahia eta bakarrik egoteko beharra. Delako krisi horren ondorioetako bat jendearen isolamendua izan zen, Estatu Batuetan bederen.
Krisi bakoitzak bere literatura dakar, ezberdina betiere. 29ko krisi hark Steinbecken maisulana ekarri zuen. 'The Grapes of Wrath' (Haserrearen mahatsak). John Fordek eraman zuen eleberria zine-mundura. Niri, gero egon diren migrazio guztien metafora iruditzen zait; zaila da kontatzen duen mundu 'itsusi' horretan hainbesteko edertasuna aurkitzea. John Fordek Irlandako egoera ikusi zuen (gosetea, triskantza eta heriotza), Oklahomako lurretatik bota zituzten nekazari txiro haien baitan. Pandemia ondoren asko idatziko da pandemialdiari buruz. Ez dut uste, hala ere, inoiz hainbeste jende itxita egon denik, beren etxe barnetan errari eta ibiltari.