https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haurgune eta Kidegune aisialdiko programetan izena emateko epea zabaldu da

Umeentzat sortutako ekintzak urrian hasiko dira

EL CORREO

Bilboko Udalak Haurgune eta Kidegune umeen aisialdirako programetan izena emateko zabaldu du ostegunera arte. Bilboko Udaleko web orrian, 010 / 944 010 010 informazio telefonoetan eta udal zentroetako Bilbao Click bulego elektronikoetan egin daitezke eskaerak. Bide berberak erabilita, irailaren 14tik aurrera plazak esleitzeko zozketa publikoaren emaitzak kontsultatu ahal izango dira. Zozketa bezperan izango da, irailaren 13an, 10.00etan, Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzuan.

Inskripzioa egiteko epea irailaren 14an hasi eta 18an amaituko da, eta taldeak osatzeko beharrezkoa izango da bakoitzean gutxienez sei ume egotea. Horrela, parte hartzaileen gutxieneko kopurua bete ezean, eskariak erreserban geratuko dira, pertsona gehiagok izena emateko zain. Era berean, bete gabeko plazak geratuz gero, ikasturtean zehar inskripzioak egiteko aukera egongo da, urriaren 1etik aurrera.

Haurgune eta Kidegune programak urriaren 1etik datorren urteko ekainaren 15era bitartean egingo dira, Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko udal zentroetan eta Zazpi Kaleetako lokal batean. Gurasoen eskariei erantzuteko, jolasak eta jarduerak euskaraz egingo dira gehienbat, jarduera batzuk ingelesez egitea ere aurreikusi bada ere. «Horrela, umeen artean euskararen erabilera sustatzen da aisialdian eta jolasean ere», nabarmendu du Bilboko Udalak.

'Nora... mundura!'

Parte hartzen duten umeek «munduan zehar ibiltzeko aukera emango dieten jarduerak egingo dituzte», eta, 'Nora... mundura!' izenburupean, beste hiri, herrialde, kultura, jolasteko era, gastronomia edo arte batzuk ezagutuko dituzte. Diseinatutako jarduerekin, umeek balioak jorratuko dituzte, hala nola errespetua, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, ingurumenaren jasangarritasuna eta bizikidetza.

Haurgune programa 5-8 urteko umeentzat da. Guneak astelehenetik ostegunera egongo dira zabalik, 17.30etik 19.30era bitartean, eta talde bakoitzean 12 plaza eskainiko dira. Kidegune programa, berriz, 9-11 urteko umeentzat da, ostiraletan eta larunbatetan egingo da, 17.30etik 19.30era, eta talde bakoitzean 15 plaza izango dira.

Umeen aisialdirako programa hauen bidez, Bilboko Udalak familia eta lana uztartzen lagundu nahi die hiritarrei. Aldi berean, umeek ondo pasatzea bilatzen du, errespetua, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, ingurumenaren jasangarritasuna eta bizikidetza moduko alderdiak jorratuta.

«Hala, programa bietako parte hartzaileek adiskideak egiteko aukera dute. Gainera, bizikidetzarako trebeziak ikasteaz gain, umeek aisialdian ondo pasatuko dute asteburuetan, eta familiek zeregin pertsonalak, etxekoak edo lanekoak bete ditzakete», azaldu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos