Hainbat eragile Lapurdin egin nahi duten Surf Park proiektuaren aurka agertu dira
Herri Berrik mugimendu politikoak eskaera bateratu bat kaleratu du Donibane Lohitzuneko esparruan jorratu nahi duten azpiegituraren aurka
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 22 uztaila 2020, 21:35
Hainbat eragile Lapurdin egin nahi duten Surf Park proiektuaren aurka agertu dira. Hori dela medio, Herri Berri mugimendu politikoak eskaera bateratu bat kaleratu du Change.org plataforman, Donibane Lohitzuneko esparruan jorratu nahi duten azpiegituraren aurka. Dagoeneko mila herritar baino gehiagok sinatu dute agiria.
Lapurdiko kostaldeko herri horretan martxan jarri nahi duten proiekturako, olatu artifizialak sortzen dituen 155 metroko igerileku baten eraikuntza aurreikusi dute. Orotara, parkeak 1.500 metro koadroko hedadura izango luke eta guztira 25.000 metro kubikoko ur edukiera, hamar igerileku olinpikok suposatzen dutena, alegia. Honetaz gain, beste hainbat instalazio sortzeko asmoa dute, hala nola, lau izarreko hotela, denda eremua, jatetxe bat, garagardo denda bat eta baratze bat.
Proiektua Boardriders konpainiak jorratuko du, Gipuzkoako Wavegarden enpresarekin elkarlanean. Hala, makroeraikuntza hori nekazaritza lursailen eremu batean egitekoak dira. Hortaz, esparru horretako nekazari eta abeltzainak egitasmoaren aurka ezarri dira. Horiekin batera, elkarte ezberdinek euren babesa erakutsi diete herritarrei proiektuaren eraikuntzaren aurka, Sufrider erakundea euren artean.
Euskal Elkargoak otsailaren 22an onartu zuen proiektua eraikitzeko plana, eta herriko kontseiluan Herri Berri taldea izan zen azpiegituraren eraikuntzaren aurka ezarri zen talde bakarra.
Pasa den ostiralean plazaratutako eskaerak arrakasta ikaragarria izan du herritarren artean, egun gutxi batzuen buruan 1.250 sinatzaile inguru lortuz. Eskaerak biltzen duenez, Lapurdiko lurretan egindako proiektua da, baina ez da lapurtarren edonolako iritzirik kontuan hartu. Gainera, agiriak gaineratzen duenez, zentzurik gabeko kokapena du, euskal kostaldetik 1,5 kilometrora eraiki nahi baitute, surf eremu paregabe eta natural batetik oso hurbil dagoena, hain zuzen ere.
Edonork egitasmoaren eraikuntzaren aurka egin nahi badu change.org plataformako helbide honetan herritarren aldarriekin bat egin dezake sinadura bat botaz: Lohizunen uhin artifizialik ez.