Txiki zein helduen gozamenerako mundu magikoa ezkutatzen duen Gure Zirkuaren karpa zabaldu dute Diman
Udalerrian emango dituzten bederatzi emanaldietatik, zazpitan sarrera guztiak agortu dituzte. Leku libreak daude oraindik ekainaren 4ko (20.00etan) eta 5eko (19.00etan) ikuskizunetarako
Gure Zirkuaren karpa koloretsua Diman zabaldu dute. Umeorea eta dibertsioa udalerrira heldu da, beraz, artista talde honen eskutik. Ikuskizun honen ibilbideak ez du amaierarik idazteko asmorik, aurrera eta aurrera jarraitzen baitu Iker Galartza aktore ospetsuak orain dela urte batzuk hasitako proiektuak. Euskal Herrian sortu eta hazitako lehen zirkua dugu honakoa eta oraindik indar handia duela erakusten du emanaldi bakoitzean, publiko gaztearen zein helduaren erantzun bikainak horrela segitzera animatzen dielako.
Muxikan izandako harrera bikainari, aurreko geldialdia hori izan baitzen, jarraipena ematen ari zaio egun hauetan Diman, emango dituzten bederatzi emanaldietatik, zazpitan agortu baitira dagoeneko sarrerak. Eskola ondoan jarri den karpak barruan magia asko gordetzen duela argi geratu da eta horrekin disfrutatzeko aukera izango da ekainaren 6ra arte. Edozein txokotik ikusten den karpa arreta guztien erdigunea bilakatu da, baina are gehiago auzokideen emozioena. «Jaso dugun txalo bakoitza iritsi zaigu bihotzeraino», eskertu zuten aurreneko asteburuan izandako erantzunagatik.
Zirkuak dituen osagai guztiekin disfrutatzeko aukera izango du publikoak emanaldi bakoitzean: malabareak, trapezistak, magia, musika, argia.. «Gelditu dadila denbora eta murgildu gaitezen argiek marrazten diguten mundu magiko honetan», animatzen dute, oraindik leku libreak dituzten bi saioetara hurbiltzeko. Honakoak ekainaren 4 (20.00etan) eta 5ean (19.00etan) izango dira eta sarrerak euren webgunean (13 euro) eskura daitezke. Behin emanaldi guztiak amaituta, zirkuaren kamioiek errepidea hartuko dute berriro eta ilusioa beste udalerri batera eramango dute, kasu honetan Bakio izango da testigua hartuko duena, ekainaren 11 eta 27 bitartean.