Borrar
Liburuaren azala.

Gizakien izaeraz

Larunbata, 27 uztaila 2019, 23:11

Comenta

Gorka Salces Alcaldek Iraganaren izterrak izenburua duen poema liburuan gizakiaren izaeran jartzen du arreta, eta horretarako gizakia hiru ingurutan kokatzen du inguru horiekin aurkezten duen harremana zein den nabarmenduz. Planteamendu honek liburuaren egituran du eragina, hain zuzen ere liburua hiru zatitan banatuta baitago. Lehenengoan, subjektuak bere buruari begiratzen dio eta lehenengo pertsona nabarmentzen da zati honetako poema gehienetan. Neurri handian identitateaz aritzen diren poemak dira, subjektuak bere nortasuna zehaztu nahi duelarik. Iraganetik dagoen eta etorkizunera proiektatzen den harian kokatzen da subjektua, iragana etorkizun bihurtzen den unean bertan alegia. Gertatu zaionaren eta eginkizun duenaren arteko dialektikaren ondorioa da haren identitatea, atal honetako poemetan iradokitzen den bezala.

  • Egilea Gorka Salces. Olerkiak.

  • Argitaletxea Balea Zuria. 80 orr. 10 euro

Bigarren atalekoetan gizakia bere inguru sozial eta historikoan kokatuta agertzen zaigu, bere baitatik aterata eta inguru horren eraginpean. Lehenengo poemetan subjektuaren nitasuna agerian geratzen bazen era ikusgarrian, bigarren ataleko testu hauetan nitasuna motelduta agertzen zaigu. Edonola ere, inguruarekiko erlazio hori ez da gatazkarik gabe eskaintzen, subjektua gizartean integratuta dagoen neurri berberean gizartearen kontrakarrean ere aritzen baita, eszeptiko, inguruak eskaintzen dionarekiko. Liburu honen hirugarren zatia txikiena da, eta horretan badago alde nabarmenik aurreko biekin konparatzen badugu, hemen planteamendua zirriborratu baizik ez baita egiten. Hirugarren zati honetan gizakia osotasunaren aurrean jartzen da, ia transzendentzia bilatuz. Baina bilaketa horrek huts egien duela ematen du, azken finean bilaketa horretatik heriotzaren presentzia ekidin ezina atera baitaiteke ondorio bakar moduan, azken muga honek transzendentzia ezinezko bihurtuko bailuan.

Asmoaren aldetik, beraz, esan daiteke poema liburu anbiziotsua ematen duela honek. Eta baliabide erretorikoen aldetik, poesia zuzena eskaintzen du idazleak, non besteen gainetik agertzen den errekurtso poetikoa surrealismorako joera den, irudi-elkarketa oso pertsonalen bidez, izenburuan islatzen den bezala.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gizakien izaeraz

Gizakien izaeraz