Giza katea osatuko dute Ander Deuna eta Betiko ikastolak lotzeko, Ibilaldiaren atarian
Sopela eta Leioako bi ikastola hauek banatzen dituzten 8,5 kilometroak lotuko dituzte maiatzaren 22an irrintzi, dantza eta mezuen bitartez
Ibilaldiak ikastolen eta euskararen sarea ehuntzen duela esaten dugu urtero, bai, baina oraingo honetan arrazoi gehiagorekin. Hitzez hitz, ia ia. Izan ere, Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek giza kate bat osatuko dute maiatzaren 22an ekitaldi honen egun handiaren atarian. Balio sinboliko handiko egitasmo honen bitartez, emaitza polita bezain izugarria utziko duena, motorra berotu nahi dute hilaren 30ean antolatuko denari begira.
Egia da pandemiak aurtengo edizioa ere baldintzatuko duela. Baina horrek ez du esan nahi ekintza ikusgarririk ez direnik egingo, eta honakoa horietako bat da. Mapa hartu eta Sopela eta Leioa artean dagoen distantzia kalkulatu. Bai, 8,5 kilometro. Eta horiek izango dira hain zuzen hainbat laguni esker lotuko direnak. Kopurua amaigabea da, baina gutxienez 300 beharko dute izan bata besteari, helmugara arte lekukoa pasatzeko. Izena ematea maiatzaren 12 arte izango da.
Dena den, ez pentsa burura datorkigun giza kate horietako bat izango denik. Esan dugun bezala, pandemiak eragina izan du bizitzako arlo guztietan, honakoan bezala. Beraz, hiruko taldean banatuko dira multzoak -aldez aurretik hirurek eman beharko dute izena-, punta batetik bestera katea osatzeko. Eta, ezin denez kontakturik izan, 'lekukoa' beste era batera pasako diote elkarri: irrintzika eta mezuen bitartez.
Berez, egitasmoak 'Irrintzi deiadarra' izena hartzen du, eta, hortaz, normala den moduan, irrintziak du protagonismo handiena. Beraz, talde bakoitzean irrintzia egingo duen pertsona bat egon beharko da. Eta lasai, ikasteko eta praktikatzeko aukera egongo delako. Maiatzaren 13an, ostegunean, formakuntza praktikoa egingo da, eztarria garbitzeko eta egunerako prest izateko. Giza katearen egunean, honek bere aldamenean emozioen mezularia izango du, horrek sortzen dion emozioa adieraziko duena paper batean, gorputz mugimendu baten bitartez, soinu tresna batekin, irudi bat, objektu bat… Nahi duen eran.
Taldearen hirugarren kideak hori dena grabatu beharko du, bideokamera batekin edo argazki bat ateraz. Ondoren, pieza horiek guztiak batuko dira, bata bestearekin lotuz, giza katearen emaitza gainontzekoekin partekatzeko. Horrekin batera, egun berean, beste bigarren egitasmo bat ere gauzatuko da. Arrietara hondartzan 'Euskal jokoen topaketa' antolatuko da, non ohikoak diren hainbat jokoetan ariko diren hurbildutakoak. Taldeak askoz jota 12 pertsonez egongo dira osatuta, eta izena emateko epea hilaren 18a arte izango da