'Gida Bira': museo eta aretoetako ondarea, bertsolarien eskutik
Bizkaiko Foru Aldundiak ekimenaren bigarren edizioa antolatu du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Zurekin
Asteartea, 21 azaroa 2023, 18:29
Imajinatzen al duzu Bizkaiko museoetara bisita gidatu bat egitea gure bertsolarien ekarpenarekin? Bada, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Gida Bira' ekimena jarriko du martxan abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Euskararen Etxeak antolatu du, lurraldeko foru museo eta aretoen parte hartzearekin, eta ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu, bisitariei «esperientzia kultural berezi eta erakargarria» eskaintzeko.
Zehazki, abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an, bisita gidatuak egingo dira museo eta aretoetan bertsolarien parte hartzearekin, eta azken hauek beren ekarpena egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako, astearte honetan egitasmoaren aurkezpenean iragarri dutenez.
Foru Jauregian iragarritako ekimena aurkezteaz Isaac Amezaga Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko zuzendariak arduratu dira, eta beraiekin Bizkaiko zenbait foru museo eta aretotako zuzendari ere izan dira.
Amezagak azaldu duenez, «museo eta aretoetako bisitetan ariko dira, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko». Gaineratu duenez, «euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat» batuko dituztela, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin.
Bertsolarien izenak
Esan bezala, 'Gida Bira' abenduaren 1, 2, 3 eta 4an egingo da Bizkaiko Aldundiaren 11 espaziotan eta 13 bertsolarik parte hartuko dute. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du, eta Asier Galarza Bilboko Arkeologia Museoan izango da.
Halaber, Iker Uriartek eta Janire Arrizabalagak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko dute, eta Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira.
Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen 'Zinemarako Arkitekturak Bilbon' erakusketari buruzko bertsoak botako ditu, Eneko Abasolo Abarkas Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da eta Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du.
Gainera, Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten 'Basotik burdinolara' ekimenean parte hartuko du, Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da, Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitatuko du eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko Foru Jauregian barrena ibiliko da bertsotan.