Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketan parte hartu nahi duzu?
Dagoeneko apunta zaitezke eta sari potoloak eskura ditzakezu
Leire Larrazabal
Asteazkena, 6 abendua 2023, 11:11
Datorren urteko uztailaren 3tik 6ra Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 47. edizioa ospatuko da. Talde lehiaketa ere oso ospetsu bihurtu da, hori dela eta, bertan parte hartu nahi baduzu, jakin ezazu bandek otsailaren 9ra arte daukatela eskabideak bidaltzeko aukera.
Getxoko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez, lehiaketa edozein jazz estiloko bandei zuzenduta dago. Hori bai, parte hartu ahal izateko, taldekideek gehienez 30 urte izan behar dute, datorren urtean beteta (inskribatzeko orduan egiaztatuko da). Lehiaketari buruzko informazio osoa hemen kontsulta daiteke.
Horrela, guztira, lau talde aukeratuko dira finalean lehiatzeko. Bakoitza jazzaldiaren lehenengo lau egunetan jardungo dira eta talde irabazleak azken egunean berriro ere arituko da. Sariei dagokienez, talde irabazleak 4.500 euro jasoko ditu eta disko bat grabatzeko aukera izango du zuzenean. Bigarren sailkatuak, berriz, 1.900 euro eskuratuko ditu, eta bakarlaririk onenak 950 euroko saria irabaziko du.
Halaber, finalerako hautatutako lau bandek laguntzak jasoko dituzte dieta gisa (bidaia egiteko, egile eskubideak ordaintzeko), eta egonaldia ere antolatzaileen kontura izango da. Sariez gain, ohi denez, irabazleek B-Jazz (Belgika) eta Eivissa Jazz (Ibiza) jaialdietan parte hartuko dute, Getxo Jazz jaialdiak haiekin duen akordioari esker.
Aurten Giulio Ottanelli Quartet talde frantziarrak irabazi du Getxoko 46. Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketa, Vincent Meissner Trio alemaniarraren atzetik. Nortzuk izango dira datorren urteko garaileak? Auskalo!