Gazteizko Udalak 63.000 euroko dirulaguntza emango dio Euskaltzaindiari
Laguntza ekonomiko honi esker, Euskararen Akademiak hiriko toponimiaren inguruko lanak egiten jarraituko du
Zurekin
Martes, 13 de junio 2023, 19:51
Gasteizko Udalak Euskaltzaindiarekin lankidetza hitzarmena sinatu du eta 63.000 euroko laguntza emango dio, Euskararen Akademiak hiriko toponimiaren azterketarekin lotutako lanekin jarrai dezan. Horrela, alde batetik, Euskaltzaindiak Otobarren, Martioda eta Uribarri Dibiña herrien inguruko testigantzak toponimo jakin batekin identifikatzen saiatuko da, datuak aztertu eta ordenatzeko.
Eta, bestetik, Artatza, Gereña, Legarda, Mandoia, Otobarren, Otogoien, Martioda eta Uribarri Dibiña herrietako toponimoen deskribapena egingo du; inkestak egin eta ortoargazkiak prestatuko ditu; 'Dibiña II' argitalpenean agertuko diren toponimo guztiei dagozkien testuen behin behineko idazketa burutuko du, eta testu guztiak landu eta mapak prestatuko ditu.
Era berean, agortuta dauden baina Arabarako garrantzi berezia duten lanen berrargiltapena sustatuko du, baita lankidetza horretatik sortzen diren beste batzuen argitalpena ere. Dokumentu horiek, gainera, digitalizatzen joango dira, Gasteizko Udalaren webgunean argitaratu ahal izateko. Ekintza zehatz horiei ohiko jarduerak gehituko zaizkie, besteak beste, informazioa ematea eta herritarrekin lankidetzan aritzea, kultura zabaltzeko jarduerak bultzatzea eta ikastaroak edo hitzaldiak antolatzea.
Gasteizko Udalak konpromisoa du, bere eskumenen esparruan, euskara sustatu eta garatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hori kontuan hartuta, Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak 1966ko irailaren 27an sinatu zuten bien arteko lehen lankidetza hitzarmena. Harrezkero, Gasteizko udalerriko hizkuntza arloko aholkularitzan eta toponimia proiektuan eragin da bereziki.