Forma, bolumen eta koloreekin jolasean
ARTEA ·
Gasteizko Artium museoak Elena Mendizabal eskultorearen erakusketa antologiko ederra aurkezten duMikel Onandia
Ostirala, 20 abendua 2019, 23:20
forma, bolumen eta koloreen arteko erlazioen gaineko jolas eta orotariko konbinazioen ekinaren ondorio dugu Elena Mendizabalen (Donostia, 1960) sorkuntza artistikoaren muina. Ia 40 urte luzez garatzen den ibilbidean zehar, plano, eskala, materialtasuna eta espazioa bezalako auzien gaineko gogoetaren eta errealizazio prozesualen fruitu objektualak ditugu, eskultura bere purutasunean.
Publiko orokorrarentzat hain ezaguna ez bada ere, euskal panorama artistikoaren ahots interesgarrienetako bat da Mendizabal. 80ko hamarkada hasieran Leioako Arte Ederren Fakultatearen testu inguruan nagusi ziren joera kontzeptual eta postminimalisten ildoan lanean hasita, Euskal Eskultura Berria bezala ezagutua izango zen taldearen partaide izan zen (Txomin Badiola, Pello Irazu, Maria Luisa Fernandez, Jose Luis Moraza, Ricardo Cataniarekin batera).
1987tik aurrera irakaslea da Leioako Arte Ederren Fakultatean, eta banakako hainbat erakusketa osatu ditu, 80ko hamarkada erdialdean Iruñeko Nafarroako Aurrezki Kutxako Erakusketa Aretoan eta Bilboko Udal Aurrezki Kutxako Kultura Aretoan, eta 1989 eta 1995 artean, Bartzelonan, Bilboko Vanguardia Galerian eta Rekalde Aretoan, besteak beste. Mende berriarekin bere produkzioaren aldaketak erakutsi zituzten mostrak aurkeztu zituen Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bilboko Lumbreras Galerian, eta azken-azken lanak La Taller Galerian ikusi ahal izan dira.
Artium museoko erakusketak muntatze neurritsua, zaindua aurkezten digu, Beatriz Herraez eta Kike Martinez Goikoetxearen komisariotzapean. Izaera antologikoa agertu arren, ohiko atzera begirako bat baino gehiago, ehun bat piezaren bitartez Elena Mendizabalen ibilbide zabalean zehar garatu diren kezka eta artelan nagusien aukeraketa gisa uler daiteke. Interesekoa da oso kronologiari buelta ematen dion planteamendua; hasieran bisitariak artistaren azken lanak ditu ikusgai, eta atzerantz begira garatzen da, azken aretoan artistaren lehen lanak direla.
Mosaikoa
Azken bi urteetan kartoiez eta aironfixarekin osatu pieza txikiak paretan gora doaz, instalazio eder batean, kolore biziko mosaikoa osatzeraino. Abiapuntu konstruktibista batekin eta plano geometriko eta koloreen arteko oreka betean, erritmo, bolumetria eta espazio partikularrak sortzen dituzten manierismo oteiziarreko pieza bikainak ditugu. Azken garaiko produkzioaren baitan, ez dira falta izaera biomorfoko zeramikak; ezta metalezko estruktura geometrikoen eta plastilinazko figurak, giza gorputzaren errepresentazio eskematizatu eta organikoen arteko kontrasteetan oinarrituta, giza kondizioaren konplexutasunaren metafora gisa.
Artelanon izaera polikromatua, oro har, zinez da aberatsa. Metalen izaera distiratsua edo matea darabil artistak nahieran, eta kolore alaien konbinazioek konposizio estrukturala determinatzen dute, formak bezainbeste sarri. Hala gertatzen da paretan zintzilik collage eran margotutako plastikoek osatu estruktura geometriko dinamikoekin, zatiaren eta osotasunaren arteko egokitzean, eta baita hori-laranja eta urdinak nagusi dituzten paper gaineko olioetan, tridimentsionaltasun sentsazio jenialarekin. Azken hauek, artistak 2013an Bilboko Lumbreras Galerian aurkeztutako altzairu herdoilgaitzeko lore puntadunen garapen gisa uler daitezke, lur egosi margotuko lanak bezalatsu.
Erakusketan aurrera egin ahala, 80ko hamarkada bukaerako eta 90eko hasierako piezak aurkitzen ditugu. 1989an Bartzelonako Montcada Aretoan aurkeztu zituen eskultura sendo eta konpaktuak estruktura formalen dekonstrukzio konplexuak ditugu: egurrezko eta burdinazko planoen arteko superposizioek, tonu zuri eta horixkekin jantziak zenbaitetan, ikuslea mugitu ahala barne espazio partikularrak sujeritzen dituzte, garai hartan euskal eskulturaren baitan nagusi ziren joera konstruktiboen ildoan.
Halaber, jada urte beretan osatu bestelako piezetan aldaketa nabarmena igarri daiteke. Metalari eta egurrari paper margotua –lore estanpatuekin, kasu– eta tonu berde eta arrosak gehitzean, forma garbi eta ortogonalen gaineko irakurketa fresko eta askeagoa ahalbidetzen da, Mendizabalen Euskal Eskultura Berriaren bide ortodoxoenengandik urruntze bat ekarri zuena. Zentzu horretan uler daitezke 1990 eta 1993 bitartean gauzatu zituen proposamenak eta espazio berean direnak.
Metakrilatoa
Foku eta fluoreszenteak eta metakrilato koloretsuko euskarri zeharrargiak, ispilu modulatuak eta apalategi antolaerak, absurduaren eta umorearen lurraldeetara hurbilduz funtzionaltasuna galdu duten altzari-eskultura domestiko eta alaiagoari atea irekitzen diote.
Azken espazioan, artistak gauzatutako lehen lan esanguratsuenen hautaketa bat aurkituko dugu. Batetik, kutsu organiko argiarekin, lurrean burdinazko xafla luzanga eta kiribilduen Melena (1986) dago –iaztik Bilboko Arte Ederren Museoaren funtsetan, 86aren ostean erakusketan erakutsia izan eta gero–; eta alboan, helduleku bat gehituta, Oteizaren kutxa metafisiko bat (1983), sortzaile belaunaldi berriaren aitapontekoaren obraren izaera utilitaristaren gaineko berrirakurtze eta kontestazio gisa, interbentzio sinple bezain potentean. 1982 eta 1984 urte bitartean osatu zementu, zura eta burdinazko pieza zaharrenek osatzen dute espazioa, esaldien bidez tautologien gainean gogoeta egiten dutenak, artistaren hasiera kontzeptualen etsenplu. Erakusketaren bukaeran irteerarik ez eta, ibilbide osoa errepikatu beharra du bisitariak, horrela ahalbidetzen da Mendizabalek azken hiru hamarkadetan osatu duen bilbe beraren baitan harildutako bide plastiko anitzen arteko elkarrizketa formal eta kontzeptualak identifikatzea.