Ezkiaga
Duela gutxi, kasualitateak hala nahita, Steve Erkiagaren disko bat aurkitu nuen etxean. Aspalditik egon behar zuen zegoen tokian, ondo ezkutuan; izan ere, saio bat baino gehiago eginak nituen bera aurkitzeko, emaitzarik gabe: emaitza onik gabe esan nahi dut. Eta halako batean objektuak bizia duela eta bere kasa dabilela adierazteko-edo, eskuetara erori zitzaidan, esperantza guztiak ahituta, etsipena baino espero ez nuen unean. Steve Erkiaga, gitarra-jotzaile kaliforniarra. Oroitzen dudanez, Miguel de Unamunoren bilobaren batek hitz egin zidan hari buruz eta, oker ez banago, berak oparitu zidan diskoa. Jatorri euskalduna leporatzen diote Wikipedian. Zer esan nahi duen badakidan arren, ez dut ulertzen zer den jatorri euskalduna. Gure herrian, garrantzizkoa ez da norbera euskaldun ote den ala ez, nongoa den baizik. «Halakoa Matxinbentakoa da», eta horrekin dena esanda dago, Matxinbentakoa izatea gauza serioa baita, Loiolakoa edo Aizpurutxukoa izatea bezainbat. Baina badugu euskal arrazokook, Oteizak sinesten zuen bezala halakorik nonbait balego, gure abizenak dituztenak goraipatzeko, beren lana estimatua den neurrian.
Erkiagatik Ezkiagara etorri naiz, duela gutxi, haren poesiaren antologia aurkeztu baikenuen Balea Zuria argitaletxekook, Donostian. Bertan parte hartu zuen Legorretako alkateak, Ezkiaga oso estimatua eta maitatua baitzen sorterrian, alegia Legorretan. Gizon-emakume batzuek, izan ere, arrasto sakona uzten dute, eta horri esker gogoratuak izaten dira. Poetak bere hitzak uzten ditu mundu guztiarentzat eta, hitzok jendearen oroimenean dirauten bitartean, bera ere ez da ahantziaren erresumara abiatuko. Legorretan Patxi Ezkiaga dute gogoan. Balea Zurikook ere bai, jakinda euskal poesiaren munduan, asko emanagatik, ez zela oso errekonozitua izan, adiskide talde txiki baten baitan izan ezik.
Poesian, hala zioen Patxi Ezkiagak, gauza bat da zerbait esan nahia eta bestea, ezberdina, esan nahi dena esatea, behar den bezala, irakurle edo entzulea bera ere poemaren parte eta partaide bihurtuz. Poetak bere hitzak aurkitu behar ditu, poesia hitzekin egiten baita, irudiekin bezainbeste. Eta hitzak, bere bidea eginez, berarekin darama poesia. Berez doan poesiaz ari gara, erreka erdiko harri eta harkaitzak joz eta, era berean, haiek bigunduz eta moldatuz goitik behera doan hitz-isuriaz. Poesia mundua moldatzen duen ura da, edo munduan bizi direnen azal eta hazpegiak ederki itxuratzen dituen eskua, alde horretatik begiratuta.
Gure gizartea ez da hitzez fidatzen. Azken boladako poetek mesfidantza handia erakusten dute hitzekiko, hitzak alde batetik eta poeta bestetik joango balira bezala. Baina hitzik gabe, hitz zehatz eta neurturik gabe ez dago poesiarik, eta, gehiago esango nuke, ez dago bizitzarik ere. Poesiaren aurkakoa ez baita prosa, ezta isiltasuna ere, bizi eta kantatu ez den bizitza baizik. Esaldi batean laburbildu zuen Ezkiagak egia hori: «Erbeste izanda ere, bizitzak beti dauka/ heriotzak baino edertasun handiagorik».
Kanta poesiarena baita, poesia kantarena den neurrian. Patxi Ezkiagak bazekien hori, aho-soinua hatzekin helduta, musika ezpainetan barrena zerabilenean, nola tren bat burdinbidetik gure haurtzaroko itsasora. Poesiaren bidea hortzetatik belarrira doa, oraindik ere. Belarritik bihotzera (edo kontzientziara) joaten dena beste bide bat da, hitzak berarekin daraman irudiak, lainoaren antzera sigi-saga batzuetan, labanaren sorbatzaz besteetan, egiten duena.
Poesiak huts egingo luke zirrara modukoren bat eragingo ez balu; pentsamendu eta sentipenak, pozaldi eta ilunaldiak, irrits eta desirak, erro eta zainak astinduz, ikara gorputz osora zabalduko ez balu. Nolabaiteko ezagutza (edo komunikazioa) ekartzen ez duen poesia ez baita poesia, hitz-katea baizik. Eta kateak hautsi beharra dago, aurrera edo atzera, nahi izanez gero, jo nahi baldin bada.