Eusko Jaurlaritzak iaz 445.000 euro bideratu zituen 75 kultura-proiektu ezberdinetara
Hala, deialdiaren hiru modalitateen bitartez, obra plastiko eta bisualen ekoizpena, argitalpena, sustapena eta hedapena babestu zituen
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 14 urtarrila 2020, 22:19
Eusko Jaurlaritzak iaz 445.000 euro bideratu zituen 75 kultura-proiektu ezberdinetara. Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatu nahi izan ditu diru-laguntza hauen bitartez. Hala, Jaurlaritzak deialdiaren hiru modalitateen bitartez, obra plastiko eta bisualen ekoizpena, argitalpena, sustapena eta hedapena babestu zituen.
Era berean, Jaurlaritzak Sorguneak eta Bitartez deialdien bidez, kultura-espazio independenteetara eta kultura-berrikuntzako proiektuetara zuzendutakoak, hurrenez hurren, beste 30 ekimen lagundu zituen. Gainera, Gure Artea garaikurren bitartez hiru sari banatu zituzten, bakoitza 18.000 eurokoa, arte plastiko eta bisualen esparruko erreferentziazko artistei eman zaie aitortza hauxe. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko diru-laguntzetan deialdi bateratua du. Deialdi horren barnean hiru ildo barnebiltzan dira.
Lehendabizikoak, artista plastiko eta ikusizkoei euren proiektuak sortzen eta produzitzen laguntzea du xede. Arlo honetara 260.000 euro bideratu ziren iaz. Hortaz, 5.000 eta 12.000 euro bitarteko 41 laguntza eman zituen. Nora Aurrekoetxea, Tana Garrido, Amaia Molinet eta Ixone Sadaba artistek, besteak beste, jaso zituzten laguntzak modalitate honen bitartez.
Bigarren modalitateak, aldiz, arte plastiko eta ikusizkoen esparruko obra ezberdinak plazaratzeko diru-laguntzak ematea du helburu. Iaz, 2.370 eta 13.990 euro arteko 19 beka eman ziren euskal sortzaileen lanean laguntzeko. Hala nola, Roberto Aguirrezabalaren ''Antimanifiesto'' proiektua; Zaloa Ipiñaren ''Gorreri Bisuala'' obra; edota Sra. Polaroiskaren azken egitasmoa izan ziren partzialki diruz lagundutako proiektuetako batzuk.
Azkenik, laguntza horien bitartez, arte plastikoen arloan hedakuntza ere bultzatzea da hirugarren modalitate honen egitekoa. Laguntza modalitate honen bitartez, guztira, 54.994euro bideratu zituen Jaurlaritzak 3.000 eta 10.000 euro arteko diru-laguntzekin. Mem Artesalia jaialdia, Zarata Fest edo Inmersiones 2019 izan ziren esparru honetako onuradunetako batzuk.