Eusko Eguna ospatuko dute larunbatean Ezpeletan, ekitaldi ugarirekin
Kultura, ekonomia, laborantza, alternatiba eta elkartasun-dinamikak uztartuko dituzten jarduerak anitzak izango dira
Unai Sarriugarte
Jueves, 13 de abril 2023, 18:56
Larunbatean Eusko Eguna ospatuko dute Ezpeletan, ekitaldi ugarirekin. Egun osoko egitaraua izango da bertaratzen direnen gozagarri. Kultura, ekonomia, laborantza, alternatiba eta elkartasun-dinamikak uztartuko dituzten jarduerak anitzak izango dira, goizeko hamarretan abiatuta eta iluntzeko zortziak bitarte.
Tokian tokiko produktore eta sortzaileen merkatuaz gozatu ahal izango da, baita laborarien bazkariaz ere. Hitzaldiei dagokionez, berriz, bi izango dira: lehendabizikoa, goizeko hamarretan: 'Euskoak 10 urte: zer egin eta zer emaitza?' izenekoa; eta bigarrena, goizeko hamabietan: 'Amazon vs hurbileko merkataritza'.
Era berean, etxeko txikienentzako hainbat aktibitate landuko dituzte 'Umeentzako Xokoa' izenekoan. Bertan ipuin kontalariak, herri kirolak, txotxongilo ikiskizunak edota ibilaldiez gozatu ahal izango dute haur eta nerabeek.
Horrez gain, Ezpeletako herriaren nondik-norakoak ezagutzeko bisita gidatuak atonduko dituzte. Herriko ostalariek, berriz, bisitarientzako pintxo bereziak eskainiko dituzte, baita laborarien bazkaria gauzatu ere, merkatuko produktu ekologikoekin.
Halaber, 'Eta orain zer?' dantza ikuskizuna emango dute ezagutzera Oinak Arin taldeko 30 dantzarik, bazkalostean, arratsaldeko 15.30ean hasita. Kontzertu honen ondoren, Tipli Tapla batukadak girotuko du arratsaldea. Ondoren, Ezpeletako zelaigunean hasita herritik barrena kantuan ibiliko dira.
Azkenik, hiru musika emanaldik itxiko dute hamargarren urteurrena betetzen duen egitasmo hauxe, Willis Drummond, Mouss & Hakim (Zebda), Le Bal du Samedi Soir taldeen kontzertuek, hain zuzen ere. After-a DJ K-PÜXegek gidatuko du, gaueko 05:00ak arte.