Euskarazko Tesien VIII. Koldo Mitxelena sariek badituzte garaileak
44 tesi-egile aurkeztu dira eta bost sari banatu dituzte, jakintza-arloka
leire larrazabal
Ostirala, 3 otsaila 2023, 10:18
Sustrai sendoak botatzen ari dira dagoeneko. EHUk eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatzen dituzten Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sariak zortzigarren ediziora heldu dira, eta dagoeneko badaude irabazleak. Ekimenak euskarazko ikerketa bultzatu eta sustatzeko helburuarekin jaio zen eta irmo mantentzen da.
Zientzia arloan, Iñigo Arrazola gailendu da, 'Argi-materia elkarrekintzan diseinua teknologia kuantikoetarako' izeneko tesiarekin; Ingeniaritza eta Arkitekturan, Eneko Iradier 'Potentzia domeinuko NOMA 5G sareetarako eta haratago' lanarekin; Osasun Zientzietan Manu Arazolaren 'Morfinak dna-ren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa'; Gizarte eta Lege Zientzien alorrean, Maitane Basasoro eta bere tesia 'Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri'; eta azkenik, Artearen eta Giza Zientzien arloan, Beñat Garaio eta 'Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai' tesiagatik. Saridunek diploma eta 2.000 euro gordin eskuratu dituzte.
Guztira, 44 tesi-egile aurkeztu dira sari hauetara. Eva Ferreira EHUko errektoreak aipatu duenez, «Zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da. Are gehiago, zientzia euskaraz egiten da. Lorpen horretan, zerikusi handia izan dute eta dute EHUko ikertzaileek eta unibertsitateak berak». Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu zen ekimenarekin. «Nabarmendu nahi nuke EHUarekin batera eginiko lana. Gainera, sari hauetako batzuk publikatu ere egiten ditugu. Bere hastapenetik, Euskaltzaindia ahalegindu da euskaraz eginiko ikerketa sustatzen, eta ehun urte beranduago ere tinko eusten dio zeregin horri».