Borrar
Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia, duela aste batzuk euskararen alorreko eragile nagusien ordezkariekin, Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean.

«Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua da»

Euskalgintzaren Kontseiluak EAEko Auzitegi Nagusiaren azken sententzia «oso larritzat» jo du, «udaletan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko politikak baliogabetzen dituelako»

Zurekin

Asteartea, 17 urria 2023, 17:26

Comenta

Astearte honetan, Konstituzio Auzitegiak euskararen lehentasuna udaletan bertan behera utzi eta hiru hilabetera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) baliogabetu ditu 2016an onartutako Toki Erakundeei buruzko Lege polemikoa garatzen duen dekretuaren zenbait artikulu, non euskara lehenesten zen toki-erakundeetan. Zehazki epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu dituzte.

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten eragileen bilgune nagusiak, sententzia «oso larritzat» jo du, , udaletan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko politikak baliogabetzen dituelako. «Uztailean adierazi genuen Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen artikulu bat partzialki baliogabetuz emandako epai hark zuen larritasuna, eta hau nolabait haren ildokoa eta luzapen bat da».

Prentsa ohar batean gogorarazi nahi izan dute Konstituzio Auzitegiak 6.2 artikulua soilik baliogabetu zuela eta bertako bi epaile ebazpenaren aurka agertu zirela, boto partikularra aurkeztuz, izan ere, «orain arte eraikitako koofizialtasun erregimenarekin» bat ez zetorren eta aurreikusi ezinezko ondoriok izan ditzakeen «doktrina aldaketa» bat suposatzen zuen.

«Larritasuna areagotzen du, hain zuzen ere, Udal Legearen garapen dekretua izanik erabat edo hein handi batean baliogabetzen dituelako udal eremuan une honetan aurrera eraman daitezkeen euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak, euskararen sustapen politikak. Funtsean, ezartzen duen zorua da ez duela aintzat hartzen euskararen eta euskal hiztunen egoera minorizatua», diote.

Horrela, nabarmentzen dute azken sententzia honek ukatu egiten dituela euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik. Udal Legean eta garapen dekretuan herritar guztien eskubideak hartzen dira aintzat, eta hor proposatzen diren eta orain auzitegiek baliogabetu dituzten neurriek ez zieten inolako herritarren eskubideei kalterik egiten, baizik eta euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizitzaren normalizazioaren aldeko neurriak ziren. Politika publikoen egitekoetako bat hori da, beste hainbat arlotan ikusten dugun bezala, gutxiagotasun egoeretan dauden kolektibo eta egoerak zuzentzeko erabiltzen baitira politika publiko horiek».

Ildo horretan, salatu dute botere judizialetik «hizkuntza-politika» egiten jarraitzen dutela, «euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka». Gainera, adierazi dute euskal gizartean oso ordezkaritza murritza duen alderdi baten bulkadaz bultzatu dela epai hau, eta beraz, adostasun sozial oso zabal baten aurkakoak direla.

Epai guzti hauek euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari direla adierazi dute, eta, beraz, «zoritzarrez, argudio bat gehiago eman digute datorren azaroaren 4an oldarraldi judizial hau salatzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilbon egingo den manifestaziorako deia berritzeko. Zoritxarrez diogu, nahiago genukeelako oldarraldiak etena izatea eta egiaz momentu honetan euskararen normalizazioak eta biziberritzeak honela –euskal hiztunek eta euskal hiztunen bizitza bizigarriek– behar dituzten horien noranzkoetan indarrak jartzea, eta ez epai hauen kontrako hesietan».

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak elkartasun osoa helarazi die epaiak zuzenean kaltetutako udalerriei, UEMAri eta bertako biztanleei. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailari eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailari babesa agertzen die sententzia errekurritzeko. Azkenik, alderdi politikoei dei egin die azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egitera.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua da»

«Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua da»