Euskara eta kultura bihotzetik zabaltzeko azoka
Leloa eta Udatxo eta Baluk egindako kartela aurkeztuta, abenduaren 5etik 8ra izango den 59. Durangoko Azokarako atzera kontaketa abiatu da
Jon Agirre
Asteazkena, 16 urria 2024, 13:04
Hasi da Durangoko Azokara begirako urteroko atzera kontaketa. Beste urtebetez literaturak, musikak, hitzaldi, solasaldi eta tailerrek Landako Gunea euskararen plaza bihurtuko due, aurten abenduaren 5etik 8ra eta 'Hartzea ematea DA!' izenburupean. Asteazken honetan aurkeztu dute Udatxo eta Balu artista gipuzkoarrek «eskurik esku» eta «oso berezitzat jo duten prozesuan» kartel eta leloa Landakon egindako agerraldian
Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak esan beala «azken hilabeteetan ibilian ibilian» aritu da lantalde antolatzen, eta haientzako esker hitz beroak izan ditu. «Abenduaren 5a ailegatzeko gogoz gaude, sortzaile eta kulturzaleen bultzada harturik ilusio handia dugu». Ez da aurkezpenean aitortzarako izan den tarte bakarra, Nerea Mujika Gerediako presidenteak oroitu bezala «euskarazko sorkuntzari bultzada emateko» sortu baitzuten Durangoko Azoka. «Ilusio handiz ekin zion makina bat kideren bultzadari esker eta gerora hainbat lagunek jardun dute indarra ematen». Horien artean esker hitz bereziak izan ditu duela hilabete batzuk hil zen Jon Irazabali, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoari. «Ondare itzela utzi digu eta aurtengo azokan gogoan izango dugu».
Atzera begira horretan, Mujika pozik azaldu da «Durangoko Azoka indartsu» bat dugulako egun. «Hasierako ametsak mararzten joan gara urteotan eta sortu dugun irudia koloretsua, anitza, indartsua eta ederra da. Iaz esan bezala, fantasia hutsa». Hori bai, ardura ez du ezkutatu eta oraindik lanerako beharra dagoela argitu du. «Euskarak oraindik badu lan horren beharra, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik», aldarrikatu du. Ildo horretan, Gerediaga Elkartetik lanean jarraitzeko asmo irmoa erakutsi du eta aurten geruza ugariko topaketa eratuko dela esan du.
Kapa askoko lan hori ederki asko jasotzen du Udatxo eta Balu artistek egindako kartelak. Leloa abiapuntu izan zuten eta lehen unetik argi izan zuten esku batzuk irudikatu behar zituztela «lemarekin zerikusia zuelako eta guk eskuak erabiltzen ditugulako artelanak egiteko». Udatxok horma lanetan pintzelak eta hainbat teknika erabiltzen ditu eta Baluk, besteak beste, muraletan egindako lanetan spray eta pintzelak edo kaleko poesia egiteko errotulagailuak. Hala, collage lan horretan kaletik hartutako kartelak edo aurreko Durangoko Azoketakoak baliatu dituzte.
Ia amaitutzat eman zutenean konturatu ziren bi artistak lanak bihotz forma zuela eta metafora ezin hobea iruditu zitzaien, organuak gorputzean duen funtzio bera baitu Durangoko Azokak euskara eta kulturarekin. Kartela inprimatu eta pegatzeaz gain, aurten gordetzeko aukera izango da azokan bertan banatuko baitute eta bi artistak sinatzen izango dira.
Mihise bezalako lan horretan, gainera, hainbat erreferentzia jaso dituzte: Hertzainak, Negu Gorriak, Alaitz eta Maider, Etzakit, Mikel Laboa... «Erabakitzea oso zaila izan da», azaldu du Baluk. Hitzetan ere, muina diren ikustea, irakurtzea, dantzatzea edo antzeztea oso presenta izan dituzte. «Abiapuntu izan dira», gehitu dute.
Online denda
2023ko 'Fantasiazko' edizioak utzitako emaitzak eskuan, antolakuntzat ez du inolako zalantzarik izan eta pandemiaz geroztik «jaialdia berreskuratzeko» lan horretan, 2024ko Durangoko Azokan ez da izango online dendarik. «Azken urteotan lelo eta karteletan gure buruari erreferentzia egin diogu eta horrek jaialdi presentziala esan nahi du», azaldu du. Hala, euskalzale oroti dei egin dio abenduaren 5etik 8ra bertaratzera.
Agerraldian izan dira ere Gerediaga Elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiak; Durangoko Udala, BBK Fundazioa, Eroski, Euskaltel Fundazioa, Konfekoop eta aurten batu det EITB.
Sortzaileek, argitaletxeek, diskoetxeak eta bestelako kultur-egitasmoek Durangoko Azokaren espazioetarako -Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia- egitaraua osatzeko proposamenak egiteko epea pasa den astean, urriaen 7an, itxita igaro zen lehen langa. Hori bai, aurkezpen, tailer, solasaldi, musika emanaldi, antzezpen eta proiekzioei buruzko xehetasunak jakiteko hurrengo agerraldira itxaron beharko da.
Ohi bezala Durangoko Azoka Ikasle Goizarekin abiatuko da eta oraindik gazteei bideratutako beste ekimen kasiko batean, PortaDA erronkan izen-emateko aukera dute. Honen bidez Lanbide Heziketa, Derrigorrezko Bigarrengo Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleek euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzeko parada izango dute. Azaroak 29ra arte bidal daitezke proposamenak ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora. Saria 'Musika eskoletan' programan saio bat izango da.