Euskaltzaindiaren hiztegi eguneratu berriak 431 forma berri jasotzen ditu
Horrez gain, 1.322 forma moldatu edo findu dituzte: 1.158 sarrera eta 174 azpisarrera
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 11 uztaila 2022, 19:08
Euskaltzaindiaren hiztegi eguneratu berriak 431 forma berri jasotzen ditu, 29 sarrera eta 402 azpisarrera, hain zuzen ere. Horrez gain, 1.322 forma moldatu edo findu dituzte: 1.158 sarrera eta 174 azpisarrera. Hiztegiaren azken eguneraketan hainbat sarrera eta azpisarrera nabarmendu daitezke, hala nola, buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, arteria koronario, euskal etxe, kafe huts, plater zapal, plazebo-efektu edota zaharren egoitza.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak nabarmendu duenez, «eguneratze honetan, forma berriak biltzeaz gain, adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak (irudizkoak, esapideak, adibide azalduak) bistaratzen saiatu gara».
Izan ere, Euskararen Akademia Ofizialak 431 forma berri jaso ditu azken urte erdian, eta moldaketok nahiz berrikuntzok hiztegi berriari sartu dizkio. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzok, 2016an bigarren argitalpena paperean kaleratu zuenetik. Hortaz, 2022ko lehen seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu sareratu berri den eguneratzeak.
Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da, 1919. urtean sortua izan zena. Mintzaira horri buruzko ikerketak egiten ditu, euskara hizkuntza babestea xedetzat hartuta. Hori dela medio, Euskaltzaindiak berak ematen ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak.
Akademiak euskararen ezagutza ofizial osoa du, Espainian Errege Akademia bezala (1976), eta Errepublika Frantsesean Onura publikoko erakunde gisa (1995). Gizartearen aldetik ere herritarren artean aitormen orokor zabala bereganatu du. Arrazoi hauengatik, arauak emateko jarduera azkarra bizi izan du Euskaltzaindiak, betiere euskaldunen hizkuntza batasuna eta eguneratzea gidatuz, 1968tik hona, batez ere.