Euskaltzaindiaren R. M. Azkue Literatura Sarietarako deialdia martxan!
Gazteak literatura mundura erakarri nahi dira eta bi genero saritzen dituzte: narrazioa eta poesia
Leire Larrazabal
Ostirala, 1 abendua 2023, 09:57
Zabalik dago 2023ko R. M. Azkue Literatura Sarietara lanak bidaltzeko epea. Datorren urteko otsailaren 29an amaituko da, eta epaimahaikoen erabakiak apirilaren 30a baino lehen iragarriko da. Ekimena, beste behin, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatu dute.
Sari hauen xedea idazle gazteak literatura mundura erakartzea da, eta, ohi bezala, bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila: 2010, 2011, 2012 eta 2013an jaioak; eta B maila: 2006. 2007, 2008 eta 2009an jaioak.
Sari hauetara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik. Hori bai, lanek originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dute; are gehiago, ez dira onartuko beste lanen itzulpenak edo moldaketak ere. Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, folio edo A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira (Plaza Barria, 15. 48.005).
Bestetik, aurten ere, 180 eta 300 euro bitarteko sariak emango dira, narrazioan zein olerkian, eta parte-hartzea bultzatu nahian, 500 euroko saria emango zaio lehiaketara ikasle gehien aurkezten duen ikastetxeari.
Beraz, gonbitea luzatuta dago. Izan ere, «lehiaketa honetan parte hartzera bultzatu nahi ditugu literatura-sortzaile gazteak, ziur gaudelako euren ekarpenak mesede handia egingo diela gure hizkuntzari eta kulturari», azpimarratzen dute antolatzaileek. Hala, ez aurkitu aitzakiarik eta astindu irudimena, sari potoloak jokoan daude eta!