Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar omenduko du Baigorrin
Lau adituren eskutik, ostiralean, euskaltzalearen bizitza eta jarduna aztertuko dute
Zurekin
Astelehena, 6 azaroa 2023, 12:02
Euskaltzaindiak Euskal Kultur Erakundearekin, Baigorriko Udalarekin eta Jean Haritschelhar katedrarekin elkarlanean, Haritschelhar euskaltzainburu ohia omenduko du bere sorterrian, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Ostiralean, 19.00etatik aurrera, Xoko gelan izango da hitzordua. Jean Haritschelhar (1923-2013) Baigorriko seme, euskararen begirale' izenburupean, euskaltzalearen bizitza eta jarduna aztertuko dute lau adituk.
Hala, hitza hartuko dute Antton Curutcharry Euskal Elkargoko hizkuntza politikako arduradunak, Lourdes Otaegi EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak; Peio Jorajuria kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Jarraian, Haritschelhar iruditan gogoratzeko parada izango da, Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Horrela, Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendari ohi eta euskaltzain urgazleak INAren artxiboko bideo zati ezezagunak paratu eta pasadizoz jantziko ditu hizlarien artean.
Azken finean, Baigorriko Haritzak (Jean-Louis Davantek Haritschelharri jarri zion goitizena gogoratuz) gure hizkuntzaren alde egindako lan itzelaz oroitzeko eta herri honi emandako lan adar berriak eskertzeko lekua izan nahi du Baigorriko Plaza Xokon ospatuko den topaldiak. Hitzen bidez, artxiboko irudiak baliatuz, Baigorriko semea, literatura gizona, kazetako luma, edota euskaltzainburua izan zenaz oroitzapenak partekatzeko eta zor zaion ekarpen handia eskertzeko txokoa izatea da antolatzaileen helburua, senide, lagun eta euskarazaleen arteko giro gozoan. Mintzaldiak euskaraz izango dira, aldibereko itzulpenarekin.