'Euskal Herria Mundura' egitasmoak Lapurdi eta Zuberoako kaleak hartuko ditu uztailaren 3tik 5era
Antolatzaileek Tourrak nazioartean duen oihartzuna aprobetxatuko dute, Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela mahaigaineratzeko ahaleginean
Unai Sarriugarte
Viernes, 2 de junio 2023, 15:49
Gure Eskuren 'Euskal Herria Mundura' egitasmoak Lapurdi eta Zuberoako kaleak hartuko ditu uztailaren 3tik 5era. 2023ko Frantziako Tourra bertan hasiko da, lehen hiru etapak osorik euskal lurraldean zehar, (uztailaren 1ean Bilbo-Bilbo, uztailaren 2an Gasteiz-Donostia eta uztailaren 3an Zornotza-Baiona) eta bosgarren etapa Zuberoako zenbait herritan zehar. Testuinguru horretan, Tourrak nazioartean duen oihartzuna aprobetxatuko dute, Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela mahaigaineratzeko ahaleginean.
Gure Eskuren proposamena Euskal Herri osora zabaltzea da helburua, «Bidasoaren bi aldeetan herri bera dagoela erakutsiko duen ikurrin uholdea sortuz», adierazi dute. Hori dela eta, 'Basque decide-Euskal Herriak erabaki!' izenpean, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute.
Gainera, Gure Eskuren antolatzaileek Tourrari eta tokiko erakundeei eskatzen diete lasterketa Iparraldetik igarotzen denean euskararen presentzia duina ahalbidetzeko, komunikazioaren eta antolatzen diren ekitaldietan.
Proiektuaren baitan esku hartzeko modu desberdinak egongo dira. '1.000 ikurrin baietz' proposamena, esaterako. Parte-hartzaileek hemen izena eman beharko dute, nahi duten egunean eta lekuan, eta ikurrina jasotzeko eta uzteko lekuak aukeratu ahal izango dituzte.
Horrez gain, Tourra Ipar Euskal Herritik igarotzen den egunetan, uztailaren 3an zein 5ean, animaziozko hitzordu publikoak antolatuko dira bai Baionan, eta baita Lapurdi zein Zuberoako zenbait udalerritan ere. Era berean, hirugarren egunean, Tourrak Bidasoa zeharkatuko duen egunean, bertan hitzordu berezi bat egingo da, euskaldunak ibaiaren bi aldeetan bizi direla eta Euskal Herria aldarrikapen ugari dituen herria dela ezagutarazteko.
Inoiz sortu den ikurrinik erraldoiena ere egin nahi dute. Ekainaren 11ra arte ekarpenak egin ahal izango dira webgune honetan. Dirulaguntza ematen dutenek ikurrinaren gorri eta berdean izango dute izena. Ikurrinaren kolore zurian, berriz, 'Basque decide-Euskal Herriak erabaki' leloa jarriko da.