Europako Inbertsio Bankuak erregai fosilak finantzatzeari uko egingo dio
Erabaki hauxe 2021. urtetik aurrera jarriko da abian
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 6 abendua 2019, 07:26
Europako Inbertsio Bankuak erregai fosilak finantzatzeari uko egingo dio. Erabaki hauxe 2021. urtetik aurrera jarriko da abian. Honen bitartez, erregai hauek sustatzen dituzten proiektuak diruztatzeari utziko dio. Gehienbat gas naturalekin zerikusia dituzten proiektuei eragingo die. Era berean, neurri berri honek gasa erretzen duten zentral elektriko tradizionalak debekatzen ditu. Adierazpenok bankuko presidente den Andrew McDowellek iragarri zituen duela egun batzuk.
Europako Inbertsio Bankuak hartutako erabaki hauxe erabat txalotua izan da ingurumenaren aldeko erakundeengatik. Edonola ere, erakunde hauek atsekabea adierazi dute erabaki hauxe hemendik eta hiru urtera hartzerakoaren inguruan. Izan ere, hauen ustetan berehala hartu beharko litzatekeen erabakia da hauxe.
Egitasmo berri honek adierazten duenez, hemendik aurrera martxan jarritako proiektuek bankuaren finantziazioa jaso ahal izateko, ordubetean kilobatio bateko energia sortu dezaketela frogatu beharko dute, ozono geruzara 250 gramo dioxido karbono baino gutxiago igortzen duten bitartean.
Hemendik aurrera, gas proiektu tradizionalak aurkezten jarraitu ahal izango dira, hauexek teknologia berrietan oinarrituta egoten badira. Hauexek karbonoaren antzemate eta biltegiratzean edota energia ezberdinen konbinazioan oinarriturik egon beharko dira. Gas fosilak gas berriztagarriekin nahastuz, hain zuzen.
Erregai fosilak lurraren litosferan aurkitutako hidrokarburoak dira, erregai gisa erabiltzen direnak, hain zuzen. Egun, erregai fosilak energia sortzeko lehengai nagusia dira. Izan ere, munduko energia premien % 90 betetzen dute. Hala ere, erregai hauek bukatzeko arriskuak beste energia mota batzuk bilatzera bultzatu du gizartea, hala nola, energia berriztagarriak. Erregai fosil garrantzitsuenak petrolioa, ikatza eta gas naturala dira.