Ez da entzumena zorroztu behar, ez dira betaurrekoak jarri behar mundua galbidera doala entzun edo irakurtzeko. Boteretsu gutxi batzuk salbu, okerrera omen goaz gainerako guztiak; jendea lozorroan omen dago, anestesiatua, etsita, agintariek esaten dutenari arretarik eskaini gabe, botoa emateari ere uko eginez, total zertarako; nor berera, modu itsuan; aise eramaten omen gaituzte batetik bestera, gure zulotik mugitzen ez bagara ere.
Publicidad
Laino gaiztoak omen datoz udazkeneko zerumugatik eta erabaki omen dugu dantzan ematea azken hilabeteok, begiak itxita, eskuak belarrietan, barruan dugun ezkortasuna ahaztu nahirik. Ezingo digutelako dantzatutakoa kendu. Horrela dirudi begi bistan, gure galbidetik irabazpena ateratzen dutenak ikusezinak direlako, beraien paradisuetan babesturik daudelako. Hori omen da errealitatearen mapa.
Lupa erabili behar duzu zantzu baikorrak ikusteko, radarra piztu behar duzu beste zerbait ere badagoela ikusteko. Orduan, inurriak ikusten dituzu, lanean. Irakurleak barkatu beharko dit irudia, baldin eta inurriak gustatzen ez bazaizkio, amorruz akabatzen baditu etxean antzematen dituenak. Baina ez zait beste irudirik bururatzen. Beraz, inurriak bezain txiki eta bezain temati.
Hor ari da boluntario andana edozein esparrutan laguntza behar duenari laguntzen, zahar eta gazte, bere burua ez den zerbait ere gogoan duela. Hor ari dira era guztietako militanteak, ez beti beraien buruaren honetan, gizartean aldaketa txiki edo handiren bat txertatu nahian. Hor daude bere denbora eta, beraz, beraien bizitzaren zati bat besteei eskaintzen dietena, dela etorkinei laguntzen, dela gizarte hobeago baten bila. Hor daude giza eskubideak guztiontzat direla aldarrikatzen dutenak, agintari askoren hitz hutsekin konformatzen ez direnak. Hor daude: 'anonimo' esaten diegu, baina izen-abizenak dituzte.
Gutxitan azaltzen dira hedabideetan, kosta egiten zaie beraien burua bizi dugun errealitatearen mapan kokatzea, radarrak ez daudelako norabide horretara zuzenduak, ez dugulako lupa hartzeko nekea ere hartu nahi. Eta bai, berehala esango dizu norbaitek pertsona horiek azaltzen duten eskuzabaltasunaren azpian norberekoikeria ezkutatzen dela, zerbait ematen duenak zerbait lortu nahi duela edo, gutxienez, engainatu dituztela, ameskeriatan galdu direla.
Publicidad
Edozerk balio digu ikusi nahi ez duguna ez ikusteko. Hori da itsurik itsuena, ikusi nahi ez duena.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión