https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakume bertsolarien ekarpena hedatzeko proiektua

Uxue Alberdi, bertsotan./Zestoa
Uxue Alberdi, bertsotan. / Zestoa

Genero ikuspegitik aztertu dute bertsolaritza Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok

AMALIA IBARGUTXI

Bertsolaritzaren bilakaera ikuspegi kritiko batetik. Zehazki, genero ikuspegitik aztertu dute bertsolaritza Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok. «Genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu denetik, kultur adierazpen honetan izan diren ekarpenak eta eraldaketak ikusaraztea» du helburu 'Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik' proiektuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zein Emakundek diruz lagundu dute, eta Miren Dobaran sailburuordeak eta Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak parte hartu dute aurkezpenean, bertsolariez eta Txakur Gorria kolektiboko kideez gain. «Berdintasunaren aldeko kontzientzia sendotu eta berdintasuna bere jarduera guztietara hedatzeko proiektu» bezala aurkeztu dute.

Lan honek, sortzaileek azaldu dutenez, «modu artistikoan eta begi-kolpe azkarrean jasotzeko moduan bildu ditu genero aldetik izan den bilakaera horren nondik norakoak». Infografia bidez irudikatu dute «publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ez ezagutzetik emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igarotzeko pausoa».

Halaber, bilakaera hori islatzeaz gain, lan honen bidez bestelako helburu batzuk bilatu dituzte, hala nola, bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea; bertsolaritzaren definizio berrien beharra adieraztea; emakume bertsolariek kolektiboki egindako lanaren onuradun bertsolaritzako espektro guztia dela ohartaraztea; eta azkenik, bertsolaritzaren bueltan diharduten emakumeen arteko sarea sendotu, berregituratu, harremanak sakondu eta etorkizuneko asmo berriak akuilatzea.

Nabarmendu nahi izan dute, bestalde, emakume bertsolari horiek, «plazan lekua hartzeaz gain, begirada feminista ekarri dutela bertsoetara, bertsolaritzaren sistema berrikusteko premia nabarmen utziz». Bertsolaritza gizartearen isla izanik, «eta, aldi berean, gizarte-eraldaketarako tresna, bertsolaritzaren baitan genero ikuspegitik sortu diren analisiak, eztabaidak zein proposamenak estrapolagarriak izan litezke euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat alorretara», adierazi dute bertsolariok.

Lan honi esker, gaineratu dute, denbora-tarte erlatiboki laburrean bertsolaritzan emakumeen «lanari esker garatu diren aldaketa, lorpen, bizipen, proiektu, bertso, saretze eta gainontzeko gertaera esanguratsu eta eraldatzaileen bilduma grafikoa da».

Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea pauso garrantzitsua dela esan du: «Gizarte honek, eta gizarteko neska gazteek, erreferenteen beharra dute arlo guztietan, sentitu dezaten beraiek ere izan daitezkeela bertsolari, edo nahi dutena».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos