Borrar
Nagore Bilbao, lehiaketa batean.
Nagore Bilbao, Gaztedi taldeko tiralaria

«Emaitza oso onak lortu ditugu Munduko Sokatira Txapelketan»

Emakumezkoak klub mailan zilarrezko dominarekin bueltatu dira etxera, eta nazio mailan ere brontzea lortu dute, Basque Country ordezkatzen. Gizonezkoek bere aldetik urrezko domina irabazi dute klub zein nazio mailan

Oihane Calvo

Larunbata, 14 iraila 2024, 00:29

Comenta

Nagore Bilbao (Laukiz, 2001) sokatiraren munduan urteak daramatzan Laukizko Gaztedi taldeko tiralari gaztea dugu. 23 urteko laukiztarrak hainbat txapela jantzi ditu dagoeneko; azkenengoetarikoak aurtengo uztailean ospatutako Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan, emakumezkoetan 500 kilotan eta mistoan 580 kilotan.

Bestalde, irailaren 5etik 8ra Alemanian jokatu den 2024ko Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan ere aritu da Bilbao (Mannheim, Stadium on Alsenweg, Tug of War World Championship 2024), Euskal Herrira domina lepoan zintzilikatuta bueltatzeko asmoarekin. Bere kirol ibilbideaz, Gaztedi sokatira taldearen gaur egungo egoeraz eta pasa den asteburuan jokatu den Munduko Txapelketaz hitz egin dugu berarekin.

-Nola prestatu zarete halako ekitaldi garrantzitsu baterako eta zer emaitza lortu dituzue?

-Urrian hasi ginen entrenatzen amaitu berri den ekitaldi garrantzitsu honetarako. Urte osoan egindako lanari esker, Euskal Herriko txapelketak irabaztea lortu genuen; beraz, klub mailan lehiatzeaz gain, nazio mailan ere lehiatu gara Basque Country ordezkatzen.

Emakumezkoen lehian pisu txikiaren (500 kg) bila joan gara, klub mailan zein nazio mailan, eta emaitza onak lortu ditugu bietan. Klub mailan zilarrezko domina lortu dugu finalerdietan lehia gogorra izan ondoren. Bi tiraldi egin beharrean, bost egin behar izan genituen, bi tiraldi luzatu eta baliogabetu zizkigutelako eta berdinketa egin ondoren, bosgarrena irabaztea lortu genuen. Horren ondoren, finalean gogor lehiatu ginen Taiwaneko Jingmei Dai Shi Dai taldearen aurka tiraldi luzeak eginda, baina ez genuen irabaztea lortu. Bestalde, nazio mailan ere lehia gogorra izan dugu. Aurten World Games-etarako sailkapena zegoen jokoan maila honetan eta talde guztiak gogor etorri dira. Hala ere, brontzea lortu dugu azkenengo tiraldia suediarren kontra irabazita, taiwandarren eta suitzarren atzetik.

Gizonezkoak ere pisu txikiaren bila joan dira, beraien kasuan 560 kg-koa. Klub mailan zein nazio mailan urrea lortu dute eta berriro ere Euskal Herriko ereserkia entzuteko aukera izan dugu. Beraz, oso pozik gaude egindako lanarekin, bai klub mailan, bai nazio mailan, emakumezkoek zein gizonezkoek, txapelketa oso ona egin baitugu.

-Ba al duzue etorkizun hurbileko erronkarik?

-Mundiala bukatuta, gutxienez hilabeteko atsedenaldia hartzea da taldearen asmoa, gorputzak geldialdi bat behar du eta. Horren ondoren, urrian, berriro entrenatzen hasi beharko gara, Munduko Txapelketan lortutako emaitzak aztertu beharko ditugu eta hobetzeko modua bilatu. Izan ere, hurrengo denboraldia erronkaz betea dator: Bizkaiko Txapelketa, Euskal Herriko Txapelketa eta 2025eko irailean Nottinghamen izango den Europako Txapelketa.

Gaztedi taldeko kideak, tiratzen.

-Urte askotako lanaren fruituak jasotzen ari zaretela argi dago. Zein da taldearen arrakastaren gakoa?

-Nire ustetan, arrakastaren gakoa taldearen eskarmentua eta setakeria dira, baina entrenamendu orduak eta sakrifizioa ere horretan zerikusia dutelakoan nago. Izan ere, sokatira kirol oso gogorra da. Goma eta lurrean tiratzen dugunean, ez dugu atsedenaldirik izaten. Aldiz, lurrean bakarrik tiratzen dugunean, urrian hasten gara eta irailean amaitu. Hortaz, udako jaiak alde batera utzi behar izaten ditugu. Gainera, asteburuetan txapelketarik ez daukagunean, astean lau egunetan entrenatzen gara, arratsaldeko 8.30etik 10.30ak arte. Asteburuetan txapelketa izanez gero, berriz, astean hiru egunetan entrenatzen gara. Hala ere, gogorrena pisua kontrolatzea izaten da.

«Bizitza sozialari eta aisialdiari dagokionez, egia da gauza asko utzi behar direla alde batera»

-Zuri dagokizunez, zerk bultzatu zintuen sokatiraren munduan murgiltzera?

-Aita tiralaria izan zen urte askotan, eta beraz, txiki-txikitatik izan dut harremana kirol honekin. Nolabait esateko, sokatirarekin batera hazi naiz ni. Astebururo joaten ginen neba eta biok bera ikusten, eta gero, neba ere hasi zen horretan. Nire kasuan, hamazazpi urterekin hasi nintzen tiratzen, Laukizko Gaztedi taldeak 18 urte baino gutxiagokoen talde bat sortu zuenean, hain zuzen ere. Urte erdi talde horrekin entrenatzen egon ondoren, nagusiekin entrenatzen hasi nintzen, 2018. urtean, eta gaur egun arte.

-Nola uztartzen dituzu ikasketak, bizitza soziala, aisialdia eta bestelakoak sokatirak eskatzen duen dedikazio maila altuarekin?

-Ikasketetan ez dut inoiz arazorik izan, gakoa ondo antolatzea da. Bizitza sozialari eta aisialdiari dagokionez, egia da gauza asko utzi behar direla alde batera; batez ere, udako jaiak, urte sasoi horretarako Lur Gaineko Mundiala oso hurbil egoten baita, eta gogor entrenatzea ezinbesteko da, baita ehuneko ehunean egotea ere, jakina.

osé Antonio Goirigolzarri 'Litri'. EL CORREO

-José Antonio Goirigolzarri 'Litri' bezalako eredu eta maisu handiarekin batera zabiltza talde mistoan. Zer esanahi du zu bezalako tiralari gazte batentzat bera bezalako beterano handiekin taldea partekatzeak?

-Guretzat ohore handia da berarekin taldea partekatzea. Eredua da denontzat, eta sokatiraren munduan hasten garenean, gehienon ametsa berarekin tiratzea izaten da. Bera da taldearen euskarria, taldea animatzen duena, lasaitzen duena… Gainera, aitortu beharra daukat bera izan zela nire lehendabiziko entrenatzailea, eta tiralari paregabea izateaz gain, entrenatzaile gisa ere oso ondo moldatzen da, irakasteko pazientzia handia dauka eta.

Hala ere, 'Litri' bezalako tiralari beteranoez aparte, taldean gero eta gehiago gara gazteak. Beraz, esan daiteke herrian erreleboa egon badagoela, zorionez. Urtero etortzen da jende berria eta taldea gaztetzen ari da. Horrez gain, umeak ere hurbiltzen zaizkigu. Hiru urte inguru daramatza nire taldekidea den Odei Fernandezek 13-14 urte bitarteko 6-8 umez osatutako talde bat entrenatzen. Asmoa, datorren urtean, talde gazte horretatik batzuk apurka-apurka gurekin entrenatzen hastea da.

«Egun sokatirak duen erronkarik handiena talde gehiago sortzea izango litzateke»

-Zein da, zure aburuz, sokatirak gaur egun duen erronka nagusia?

-Egun sokatirak duen erronkarik handiena talde gehiago sortzea izango litzateke, batez ere lurreko txapelketarako, talde gutxi gara eta lehiatzeko. Egia da azken urteotan telebistan ere agertzen garela Euskadiko txapelketan zein Munduko txapelketan, eta horrek nolabaiteko ikusgarritasuna ematen diola herri kirol honi, sokatira probatzeko grina piztu dezakeena. Baina, beste alde batetik, Federakuntzak sokatiraren alde ahalegin handiagoa egin beharko lukeela pentsatzen dut, bereziki dirulaguntzen alorrean: ekipazioa garestia izaten da, bidaiak zeresanik ez…

Haatik, aipatu beharra daukat emakumezkoen sokatirak aurrerapausoa eman duela azkenaldian, txikia bada ere. Aurten poztasun handia izan dugu, Mutrikuk nesken taldea osatu baitu. Horrela, Goiherriko beste bi talderekin batera, emakumezkoen txapelketa eduki ahal izan dugu Euskal Herri mailan, azken urteotan ez bezala, aurten arte mutilen kontra tiratzen baikenuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Emaitza oso onak lortu ditugu Munduko Sokatira Txapelketan»

«Emaitza oso onak lortu ditugu Munduko Sokatira Txapelketan»