Elorrioko Txintxirri ikastolak bioeraikin bat egin nahi du Ibilaldian jasotako baliabideekin
Bizkaiko Ikastolen festa maiatzaren 31n izango da, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, «aukera paregabea izango da euskaraz aisialdiaz gozatzeko»
pello zupiria
Ostirala, 28 otsaila 2020, 13:07
Aurtengo Ibilaldia Elorrion izango da maiatzaren 31n. Txintxirri ikastola izan da festa antolatzeko arduraduna. Hirugarren urtea izango da Durangaldeko ikastetxeak Bizkaiko Ikastolen festa jasoko duena, eta 2020rako aukeratutako leloa 'Hel Horri!' izango da, herriaren deiturarekin eta hari izena ematen dion landarearekin hitz jolas bat osatuz. Ibilaldiak berebiziko garrantzia du anfitrioiarentzako, erakundearen hezkuntza eredua ezagutarazteaz gain, baliabideak eskuratzen baititu haren proiektuak aurrera eramanteko. Txintxirrik Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria egin nahi du, material natural eta organikoz osatua.
Horretaz gain, Ibilaldia, Ikastolen festa izateaz gain, euskararena ere bada. «Ikastolok kezkatuta gaude gure hizkuntzaren erabilerarekin. Ez da nahi genukeena. Horregatik, horrelako egunek aukera paregabea eskaintzen digute euskaraz bizi eta aisialdiaz gozatzeko», adierazi zuen Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, aurtengo kanta eta bidekliparen aurkezpenean. Txintxirriko ordezkariek jakinarazi zutenez, «ikastetxeko kide guztien artean egindako lana izan da, izan ere, umeek, gurasoek, irakasleek eta ikasle ohiek hartu dute parte. Irudiak txikiek grabatu dituzte haien sakelekoekin eta aktore lanak ere egin dituzte», azaldu zuen eskolako zuzendari David Cobosek.
Abestiaren hitzak sortzeaz, Iraitz Erkiaga, ikastolako irakaslea arduratu da. Haren hitzetan, «lankide baten eta guraso baten laguntzaz», Txintxirriren eta, oro har, Ikastola guztien baloreak jasotzen saiatu da: «ingurumena, euskara, partaidetza, feminismoa eta inklusioa». Estrofa ezberdinetan ikus daiteke hori, keinuak eta metaforak etengabekoak baitira, baina asmoa eta helburua «kanta irisgarria eta ulergarria egitea izan da, mezu zuzena duena eta kantatzeko erraza».
Jaiaren nondik norakoak eta zehaztasunak oraindik argitu gabe geratuko dira, baina antolatzaileek aurreratu dute Ibilaldia «erdigunetik zein naturguneetatik igaroko dela». Kontzertuen egitaraua hilabete barru ezagutaraziko dute.