Ekologistak Martxanek Bilboko orduko 30 kilometroko muga txalotu du
Hala, ingurumenaren aldeko erakundeak ez du ulertzen abiadura hirian moteltzearen inguruan sortu diren gatazkak, euren ustetan, horrek ondorio positiboak baino ez baititu eragingo
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 2 urria 2020, 19:44
Ekologistak Martxanek txalotu egin du orduko 30 kilometroko muga Bilbon. Hala, ingurumenaren aldeko erakundeak ez du ulertzen abiadura hirian moteltzearen inguruan sortu diren gatazkak, euren ustetan, horrek ondorio positiboak baino ez baititu eragingo. Pasa den irailaren 22an abian jarri zen neurri horren aurka hainbat kolektibo agertu dira, hala nola, taxistak, banatzaileak edota autobus gidariak.
Gainera, Ekologistak Martxanek dioenez, egitasmoa hiriko kaleetako %13 gehiagora soilik izan da eramana, duela 16 hilabete ailegatu baitzen neurri hori gainontzeko kaleetara, %87ra, hain zuzen ere. Era berean, erakundeak nabarmendu du lehendabiziko neurria abian jarri baino lehen, Bilboko batez besteko abiadura 29,6koa zela.
Ekologistak Martxanek dioenez, hiriko lekualdatze gehienak oinez egiten dira, %61 inguru, eta bilbotarren %10ak soilik erabiltzen du autoa. Erakundeak gaineratzen duenaren arabera, orduko 50 kilometroko abiaduran harrapatze bat zortzi aldiz hilkorragoa da orduko 30 km-ko abiaduran doan auto batena baino.
Halaber, Ekologistak Martxanek aditzera eman duenez, hirian istripuen biktimak %10 gutxiago izan dira, 30km/orduko egitasmoa abiarazi zenetik duela urte eta erdi. Pasa den urteko bigarren seihilekoan 356 istripu egon ziren, aurreko urteko tartean baino 31 istripu gutxiago, alegia.
Bestalde, neurriak bizikleten eta oinezkoen kopurua areagotu duela goraipatu dute. Astero orotara 50.000 pertsona inguruk erabiltzen du bizikleta hiritik lekualdatzeko gaur egun. Horrez gain, abiadura murrizketak kotxeek igortzen dituzten partikulen beherakada eragiten du eta energia aurreztea baita ere, erregai gutxiago kontsumitzen baitute ibilgailuek. Eta Ekologistak Martxanen arabera, beraz, neurriak ondorio positiboak baino ez ditu eragingo.