EKE-Elkar Literatura Bekaren bigarren edizioa martxan da
Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, berriro ere bueltan da Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak atondutako ekimena
Unai Sarriugarte
Miércoles, 22 de marzo 2023, 17:27
EKE-Elkar Literatura Bekaren bigarren edizioa martxan da. Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, berriro ere bueltan da Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak atondutako ekimena. Hala, hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da irekita. Bi urterik behin ospatzen den proiektuak 6.000 euroko diru-laguntza ahalbidetuko dio irabazleari.
Lehen edizioko bekaren onuraduna Adur Larrea ziburutarra izan zen, pasa den urtean «Lurbinttoko ohoinak» izeneko komikia plazaratu zuelarik. Aurtengo deialdiko literatura generoa, aldiz, nerabeentzako narrazioa izango da, hauxe nobela, eleberri grafikoa edota ipuin bilduma izan daitekeelarik. Nahi duen edonork lehiaketaren inguruko oinarriak hemen ikuskatu ditzake.
Deialdian parte-hartzeko ezinbestekoa izango da Ipar Euskal Herrian jaioa izatea, edota bertan bizitzea, eta ez du inongo adin mugarik zehazten. Bertan esku hartzen duten egileak bi pertsona edo gehiago baldin badira, bat gutxienez Iparraldekoa izan beharko da.
Lanok hiru kidez osatutako epaimahai batek gainbergiratuko ditu. Epaimahaikideek uztailaren 31a baino lehen jakinaraziko diete hautagaiei azken erabakia. Hortaz, behar beste kalitatezko lanik aurkeztuko ez balitz, diru-laguntza eman gabe utz lezakete epaimahaikideek. Bekaren irabazleak gehienez jota urte bateko epea izango du lan amaitua bidaltzeko, 2024ko ekainaren 30era bitarte, hain zuzen ere. Gainera, obrak gutxienez 60 orrialde izan beharko ditu.