https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EiTB taldeko irratien denboraldi berria astelehenean hasiko da

EiTB taldeko irratien denboraldi berria astelehenean hasiko da

Hainbat nobedade izango dira Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean

EL CORREO

Astelehenean hasiko da irrati urte berria EiTBn. Entzuleengako gertutasuna aldarri dutela, orain arteko programazio egiturari eutsiko diete Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak. Ikusentzunezko talde publikoaren arduradunen arabera, berrikuntza nagusiak asteburuetan gauzatuko dira. Igotz Alkortak gidatuko ditu Euskadi Irratiko albistegiak. Radio Euskadin, Goizalde Landabasok hartuko du 'Hágase la Luz' saioaren ardura eta 'La Galeria'ko aurkezlea Bego Yebra izango da. Nabarmendu, bestalde, Joseba Martinek gidatzen duen 'La Jungla Sonora' saioak 30. urtemuga ospatuko duela laster.

Hortaz aparte, Arkaitz Villarrek irratsaio berri bat dakarkigu Euskadi Irratira eta Radio Euskadira musikaren industriaren inguruan. Eta Radio Vitorian kirol arloan izango ditugu nobedadeak. Izan ere, erretiroa hartu berri duen Rafa Muntionen ordez Ricardo Guerra arituko da Baskoniaren partiden kontakizuna egiten.

'Goizak gaur', 'Mezularia', 'Egunbete'...

Albistegiei dagokienez, Maite Artolak eta bere taldeak gidatutako 'Faktoria'k jarriko du martxan irratia egunero. Eguerdian, Pilar Goyak egunak ordura arte emandakoen laburpena eskainiko du 'Goizak Gaur' tartean. 'Mezularia' Eider Bilbaok gidatuko du, eta 'Egunbete' gaueko albistegia Joxe Juan Ugaldek zuzenduko du aurten. Asteburuetako albistegiak, Igotz Alkortak zuzendu eta aurkeztuko ditu denboraldi berri honetan.

Iritzi emaile berriak izango dituzte, horien artean, Aitziber Ibaibarriaga, Nagua Alba, Edurne Egino eta Mikel Irizar. Halaber, 'Hiru Erregeen Mahaia 'eta 'Kirol Legez' saioetako lankideek galtza bete lan izango dute aurten, besteak beste bost euskal talde liga nagusian ari direla jakinda.

Saioei dagokienez, Manu Etxezortuk hartuko dio lekukoa Artolari eguerdira artekoarekin. Albisteak bukatutakoan, Joseina Etxeberriak 'Kantu Kontari' jarraituko du, eta ostean, Lander Eizagirre eta Amaia Artetxek 'Hiri Gorrian' saioa eskainiko dute. Ainhoa Etxebestek aktualiteari errepasoa emango dio gero 'Mezularia'ren lehen atalean.

Musika Bulegoarekin elkarlanean, musika industriaren atzealdea erakutsiko digun saio berria egingo du Arkaitz Villarrek, musikarekin lotura duten eragileekin egindako elkarrizketen bidez. Saio hau Radio Euskadin ere izango da entzungai.

'Boulevard Magazine'

Dani Alvarezek jarraituko du 'Boulevard' saioaren aurrean. Eguneko protagonistei egindako elkarrizketak eta egun horretako agenda arakatzen duen Diálogos tertulia ezagunei eutsiko die lehen zatian, eta ondoren, Miriam Duquek eta Iñigo Lejarzak gidatuko dute 'Boulevard Magazine' saioa. Ainara Torrek egingo du eguerdira arteko laburpena 'Crónica de Euskadi' tartean.

Bazkalosteko elkarrizketa goxoak eskainiz jarraituko du Eli Legardak 'Vivir para Ver' saioan. Kultur aktualitatearen protagonistak elkarrizketatuko dituzte gero Kike Martinek eta Felix Linaresek ' Iflandia'n. Galder Perezek astinduko ditu irrati uhinak 'Graffiti' saioarekin, sormen, kultura urbanoari eta gai sozialei arreta berezia jarrita. Zientziaren gaineko saioa den 'La Mecánica del Caracol'en txanda izango da ondoren Eva Caballerorekin. Egunaren laburpena egiteko helburua izango du Jose Luis Fonsecak gidatutako 'Ganbara'k. Kirolaren txanda izango da ondoren, Diego Aranbalzak gidatutako 'Fuera de Juego' saioarekin. Eguna borobiltzeko, Roge Blascoren elkarrizketen txanda izango da 'La Casa de la Palabra'n.

Asteburuetan, Goizalde Landabasok gidatuko du aurrerantzean 'Hágase la Luz' saio goiztiarra. Almudena Cachoren lantaldeak hartuko dio lekukoa gero 'Más que Palabras' saioan. Eta iluntzean, Bego Yebrak 'La Galería' saioa eskainiko du, 'Kirolaldia' saioko kirol emankizunen ostean.

'Prime Time', 'Cinta Abierta', 'Aquí Macondo', 'El Último Apuntador' eta 'La Jungla Sonora' saioek ere jarraituko dute. Joseba Martinek gidatzen duen azken honek aurten gainera 30. urteurrena ospatuko du.

Kiroletarako tartea

Pedro Fernandez de Retana arduratuko da eguna zabaltzeaz 'Prime Time' saioarekin. Maritxu Diezek Arabako eta mundu zabaleko aktualitatea arakatu du 'Radio Vitoria Gaur' saioarekin eta Pilar Ruiz de Larreak hartuko dio lekukoa magazinarekin. 13:30ean eguerdiko albistegi nagusia gidatuko du Ismael Diaz de Mendibilek, kirol kontuak eskainiko dizkigun Rafa Mungiari lekukoa emanez. Jeni Prietok bazkaloste patxadatsua eskainiko digu 'Aldapeko' saioarekin. 18:00etan Unai Ugartek Arabako bazter eta txokoak ezagutzera gonbidatuko gaitu 'Herrian' saioan.

Asteburu goizak Txerra Diez Unzuetarenak izaten jarraituko dute, 'Alguien Te Está Escuchando' saioak beteko baititu larunbat eta igandeetako goizak. 'Lur Bizia' tarteak ordua aldatu, eta larunbat eguerditan izango da entzungai. Radio Vitoriako entzuleentzat ezagunak diren 'Consumidores', 'Aventureros', 'La Fiaca', 'La Ruta Slow', 'Kantxa', 'El Ladrillo' eta gainerako saioek ere ez diote hutsik egingo bere hitzorduari denboraldi honetan.

Asteburuetako kirol emankizunetan Emilio Pascual arduratuko da, eta ohikoa denez, arreta berezia izango dute Alaves eta Baskonia taldeen inguruko guztiak. Eneko Aldekoaren ahotsean entzungo ditugu aurrerantzean ere Alavesen partidak, eta Ricardo Guerrak gidatuko ditu Baskoniaren emanaldiak, erretiroa hartu berri duen Rafa Muntionen ordez.

Musika, protagonista

Gaztearen kasuan, musikak berak hartuko du protagonismo gehiago, formula tarteak indartu nahi baititu irratiak, gidari bakoitzaren nortasunera moldatuko diren tarteen bidez.

Saiorik ezagunenak ere ez dira faltako. Goizero 'Dida'rekin eguna umoretsu hasteko aukera izango dugu 7:00etatik 11:00etara. Telleria anaiek, Jon Gotzon, Edurne Garmendia eta Xabin Fernandez izango dituzte alboan. Eta arratsalde partean, berriz, 'Box'eko lantaldeak, Ibon Fernandezek, Ainhoa Etxebarriak eta Alain Perezek iluntzera artekoa girotzen jarraituko dute. Julen Idigorasek musikaren 'B Aldea' erakutsiko digu ondoren.

Asteburuetan 'Top Gaztea' osatzen jarraituko du Oihan Vegak, eta igande arratsaldean 'Be Positive' saioa gidatuko du Txurruk. Musika elektronikoaren hitzordua ostegunean izango dugu aurten 'Moon Safari' saioari esker. 'Boom Shaka Laka' saioak ere jarraituko du.

Sare sozialek, orain arte bezala, garrantzi berezia izaten jarraituko dute, eta irratia entzun ez ezik, ikusi eta bizi ere egin ahal izango dute entzuleek, Facebook eta Instagram bidez. Halaber, gai zehatzen gaineko podcastak entzuteko aukera izango da Gaztearen webean.