EHUko ikertzaileek bakterio espezie berri bat topatu dute Añanako Gatz Haranean
Aurkikuntzaren nondik-norakoak International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkari entzutetsuan eman dituzte ezagutzera
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 14 martxoa 2022, 20:27
EHUko ikertzaileek bakterio espezie berri bat topatu dute Añanako Gatz Haranean. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrolker azterketa taldeak Santa Engraziako iturburuko uretan 'Altererythrobacter muriae' izenarekin bataiatu duten bakterioa antzeman dute, (SALINAS58). Aurkikuntzaren nondik-norakoak International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkari entzutetsuan eman dituzte ezagutzera.
Añanako Gatz Harana gatz-burbuila handi batean gainean metatuta dago. Gutxi-gorabehera duela 200 milioi inguru itsaso lehortu bat zegoen esparruan, hain justu. Bertan, iturburu hipergaziak ageri dira, eta, kondizio espezifiko horietara ohituta dauden mikroorganismoen aniztasun ikaragarria ageri da.
Hala, EHUko talde horren ikertzailea den Ilargi Martinez Ballesterosek adierazi duenaren arabera, azken urteotan gauzatu dituzten mikroorganismo-populazioen ikerketetan antzeman dituzten espezieetako batzuk baliteke sekula aurretiaz deskribatu gabe egotea, bakteriook ekosistema horietan soilik ageri daitezkeelarik. Bere esanetan: «Horrek esparru horren biodibertsitatea berezi xamarra delakoa nabarmentzen du, zonaldearen balio ekologikoa ikaragarria delarik».
Gainera, muturreko baldintzotan mikrooganismook sortu dituzten egokitzapen-mekanismoen bitartez bizirauteko baliagarriak zaizkien konposatuak sortu dituzte, gizartearen hainbat diziplinatarako baliagarriak izan daitezkenak, biomedikuntzarako, bioerremediaziorako eta elikagaien industriarako, tarteko.
Era berean, Martinez Ballesterosek dioenaren arabera, mikroorganismook ezinbestekoak dira biosferarako, materia organikoa deskonposatzeko prozesuetan esku hartzen dutelako, baita elikagaien zikloa sustatzen dutelako ere, konposatu kutsagarriak degradatuz.