Donostiako bilakaera soziolinguistikoaren errepasoa
Euskaltzaindiak argitalpen berria plazaratu du Donostiako azken 250 urteetako ibilbide soziolingustikoa aztertuz
Leire Larrazabal
Asteazkena, 5 uztaila 2023
Mikel Zalbide euskaltzain osoak eta Lionel Joly Euskaltzaindiaren teknikariak 'Donostia, euskara, eta Europako hizkuntza perspektiba soziohistorikoan' izeneko ikerlana plazaratu dute, 'Euskararen historia soziala' egitasmoaren barruan. Liburuan, Donostiako azken 250 urteetako bilakaera soziolinguistikoa aztertu dute zenbait adituk.
Zalbide eta Jolyuk bat datoz aipatzean «iragana aztertuz eta bilakaerak aztertuz ikusiko ditugu zeintzuk diren bilakaera soziolinguistikoan ondorio handienak sortzen dituzten ezaugarriak. Eta iraganeko egoera eta gaur arteko bilakaera soziolinguistikoa ezagutzea etorkizuneko plangintza zehazteko ezinbesteko tresna da. Iraganean zer gertatu zen jakin gabe ezin da jakin nondik gatozen eta, beraz, zer garen».
Liburuaren helburua donostiarrei, hizkuntza-plangintza egiten duten pertsonei eta historialariei Donostiako bilakaera soziolinguistikoari buruzko ikuspuntu osatu eta egituratu bat eskaintzea izan da. Liburua informazioz beterik dago eta aldi berean ahalik eta ikuspuntu praktikoena ematen saiatu dira. «Donostiako hizkuntzak historian zeintzuk izan diren zehaztu, bakoitzak zer pisu izan duen aztertu eta euskarak bide luze horretan zer irabazi duen eta non», gaineratzen dute.
Hainbat ikerlarik egin dute lan proiektu honetan eta, horregatik, liburuaren ikuspuntua «anitza da: artikulu batzuek hizkuntza soziologiaren eta soziolinguistikaren ikuspuntua jorratzen dute, eta beste batzuetan, ikuspuntua historiarena da, baina Donostiako egoera soziolinguistikoari aplikatua. Sinkronia eta diakronia ere lantzen dira. Momentu historiko jakin batean nola ziren gauzak: XVIII. mendean, eta nola dauden orain, alde batetik; eta, bestetik, bilakaera nola joan den osatzen», azpimarratzen dute.