Dena prest Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako
Irailaren 28an hasiko da Urdulizen eta, motorrak berotzen hasteko, parte hartzaileak batu dituzte asteburu honetan Zornotzan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ekainaren hasieran aurkeztu zuten Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariek, Bilboko Foru Liburutegian egindako ekitaldi batean. Han iragarri zuten irailaren 28an hasiko direla sailkapen saioak Urdulizen, eta abenduaren 20an egingo dela finala Bilboko Casillan, eta ez Bilbao Arenan, 2012tik gertatzen zen bezala. Halaber, jakin genuen Nerea Ibarzabal txapeldunak (2021ean eta 2023an txapela jantzi zuen) ez duela edizio honetan kantatuko, sailkapeneko lehen faseari saio bat gutxiago eskainiko diotela eta finalaurrekoei bi saio gehitu dizkietela.
Bada, asteburu honetan bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak zein talde antolatzaileko kideak elkartu ziren, Zornotzan txapelketa hasteko egun gutxi falta direnean. Idoia Anzorandiak gidatu zuen ekitaldia eta aurkezpen txikiaren ostean, aurtengo Bizkaiko eskolartekoan buruz-burukoa jokatu duten Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga bertsolariek kantatu zuten.
Talde antolatzailearen izenean mikrofonoa hartu zuen Asier Galarzak. Barrez lehertzen jarri zituen bertaratutakoak, bere bakarrizketarekin. Besteak beste, bertsolaritzaren eta bakarrizketen arteko loturez aritu zen; baita, musikariez ere: orain «estadioak betetzen» dituztela aipatu zuen, baina beraiek izan zirela «aitzindariak».
Halaber, Larunbateko ekitaldian txapelketako sintonia aurkeztu zuten, eta modu berezian gainera: Arratiako eta Zornotzako bertso eskoletako gazteek egin zuten dantza sintoniaren doinura: Ihintza Arroyok, Iraia Lauzirikak, Libe Arauzok eta Maddi Aurtenetxek, hain zuzen ere.
Txapelketaren aurkezpenaz gain, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna ere ospatu zuten Zonortzan. 12.00etan hasi zen bertso poteoa, eta hurrengo bertsolariak aritu ziren kantuan: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Paule Loizaga eta Xabat Galletebeitia. Horren ostean, bertso bazkaria egon zen, Eneko Abasolo 'Abarkas' eta Igor Elortzarekin. Txapelketako parte hartzaile guztien argazkiarekin amaitu zen ekitaldia.