DANA, nazioarteko sormen gune artistikoa Enkarterrin
Eskualdean euskara eta kultura sustatzea helburu duen proiektua da. Egoitza Alonsotegin dago eta beharrezko ekipamendu teknikoa du. Aurten DANA Europa Creativa Sarean sartu da eta dagoeneko nazioarteko lehen egonaldi artistikoa egin dute bertan Irina González eta Louis Navarro musikariek
«DANA Enkarterriko lehendabiziko sormen espazioa da». Horrela definitzen dute proiektua Zelako Kultur Ideiak kooperatiba osatzen duten Maria Rivero, Itxaso Paya eta Gorka Chamorro sortzaile, kulturgile eta ekoizleek. Ea zer egiten den bertan? Bada, antzerki, dantza, musika eta beste diziplina artistiko batzuetako ikuskizunen ekoizpena, grabazio zinematografiko eta komertzialak, bulegoko lana eta beste zerbitzu batzuk ere eskaini. Hori nahikoa ez balitz, ikuskizun ezberdinen garapena eta entseguak egiteko prestatua dago. Hau da, beharrezko ekipamendu teknikoa du eta Alonsotegin dago.
Baina DANA ez da soilik espazio fisiko bat. Bere arduradunen arabera, «Enkarterriko sortzaileak, artistak eta komunitatea lotzen dituen lokarria da. Gizarte inklusibo eta dinamikoagoa eraikitzea bilatzen du, tokiko kultura ondarearekin konektatuz eta ikuspegi berritzaileekin aberastuz. Proiektuak inguruko biztanleak, profesionalak eta erakundeak aktiboki inplikatzeko estrategiak planteatzen ditu, sormena eta kultura guztion eskura jartzeko. Gainera, hizkuntza-politika argi bat jarraitzen du, euskara sustatuz eta artea gizarte osoari eskuragarri eginez», diote.
Ildo horretan, Enkarterriko, Bizkaiko, Euskal Herri mailako zein nazioarteko artistentzako egonaldiak antolatzen dituzte sormen gune honetan. Horrela, tokiko panorama artistikoa aberasteaz gain, bertan bizi diren artistei ikasteko eta networking-erako aukerak ere ematen dizkiete. Halaber, bere indarguneen artean, kultur ekitaldi ezberdinen antolakuntza, arlo ezberdinetako profesionalei zuzendutako formakuntza, ikastetxeekiko elkarlanaren sustapena eta kultura aniztasuna ikustaraztea daude, besteak beste. 2023ko udazkenetik martxan dago DANA Sormen Gunea eta ugari dira urtebetean emandako urratsak. Izan ere, «espazioari erabilera anitza eskaini diogu azken urtean».
«Herritar guztiei zuzendutako programa eta ekimen inklusiboekin, espazio honek aberastasuna eta kohesio soziala sustatzen dituela» diote bere sustatzaileek. Izen ere, «DANAk herritarren arteko interakzioa sustatzen du, adin, kultura eta testuinguru desberdinetako pertsonen arteko elkarlana bultzatuz».
Gainera, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko eta sustatzeko lana egiten du. «Euskarazko jarduerek eta tailerrek gazteak eta beste kolektibo batzuk hizkuntzarekin konektatzera gonbidatzen dituzte ingurune sortzaile eta erakargarri batean». Eta genero berdintasuna lantzen duten edo lidergo artistikoko roletan emakumeak dituzten proiektuei ikusgarritasuna emanez, sormen gune honek narratiba tradizionalak aldatzen eta eredu berdinzaleak sustatzen laguntzen du.
Telebista, podcasta, Anonimak proiektua...
Martxan dituen proiektuei dagokienez, nabarmentzekoak dira Enkarterriko tokiko euskarazko lehen hedabidea den DANA telebista, sormen gunean sortu eta garatu dena; Irina González multi-instrumentista eta konpositore franko-kubatarrak eta Louis Navarro kontrabaxu-jole frantsesak burutu berri duten nazioarteko egoitza artistikoa, Europa Creativa Sare ospetsuan sartu dena (Euskal Herriko lehenengoa izan da hori lortzen); Enkarterriko gazteriaren ASTOA podcasta; eta otsailean ospatuko den Danart egonaldi artistikoa, Balmasedako 6 emakume musikariren Anonimak proiektuak irabazi duena.