Costa Rican sexu berdineko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu dituzte
Hala, Amerika Erdialdeko lehendabiziko herrialdea eta nazioarteko 29. bilakatu da neurria hartzen
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 27 maiatza 2020, 16:19
Costa Rican sexu berdineko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu dituzte. Hala, Amerika Erdialdeko lehendabiziko herrialdea eta nazioarteko 29. bilakatu da neurria hartzen. Pasa den maiatzaren 26an sare sozial ezberdinen bitartez herrialdeko lehen ezkontza homosexuala eman zuten ezagutzera. Alexandra Quirós eta Dunya Araya izan ziren ezkondutako lehendabiziko bikotea.
Egun horretan 18 hilabete bete ziren Kongresuak ezkontza homosexualak legeztatzeko agiria onetsi zuenetik. Hortaz, praktika deuseztatzen zuen legea bertan behera geratu da. Herrialdeko presidente den Carlos Alvaradok bere sare sozialetan lege berria eman zuen ezagutzera, Costa Rica desberdin, plural eta bateratu baten alde eginez, enpatia eta maitasuna herrialdearen iparrorratzak direla aitortuz.
Alvaradoren esanetan: «Euren jarduna diskriminazio guztiei aurre egitea da, hala nola, desgaitasunari, arrazakeriari, sinesbide erlijiosoari, sexuari, identitateari edota sexu-orientaziori, gizakiaren eskubideen aldeko aurrerapausoa bilatuaz, alegia».
Era berean, Alvaradok nabarmendu zuenez, LGBTIQ pertsonek errekonozimendu esparru bat bilatzen dute, eta edozein gizakik merezi duen duintasuna izan behar dute. Izan ere, ezkontzea erabakitzen badute, etorkizuneko proiektu baten alde izateagatik izan dadila.
Koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdiak LGBTIQ kolektiboaren ospakizunak murritzak izatea eragin du. Dena den, herrialdeko telebista kateetan berriaren inguruko hainbat estaldura jorratu dituzte. Bertan azken hamarkadetan funtsezkoa den egitasmo horren alde buru belarri lanean egon diren herritarrak izan dituzte aintzat.