Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen II. Topaketa Algortan ospatuko da
Bertsozale Elkarteak «bertsoaren inguruan gabiltzan emakumeak» batu nahi ditu eta jardunaldi interesgarria antolatu dute bertsolari eta bertso bazkariarekin, besteak beste
Leire Larrazabal
Viernes, 10 de febrero 2023, 21:31
Iaz Markina-Xemeinen Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen Topaketa ospatu zen. Lehenengo edizioa. Munduko hainbat alor eta belaunalditako 60 bat emakume bildu ziren, «jubilatuak eta oraintxe hasi berri diren gaztetxoak» azpimarratu zuten orduan. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik jaio zen ekimena eta arrakasta ikusirik, bigarrena ere bidean da. «Berriz egiteko eta ekimenari jarraipena emateko gogoz gelditu zen jendea», esan zuen orduan Ione Narbaiza Elkarteko eragileak.
Esan eta egin, bigarren topaketa martxoaren 25ean ospatuko da, Algortan. Programaren xehetasun batzuk ere plazaratu dituzte Bertsozale Elkartetik. Horrela, «12.30ean jarri dugu hitzordua Algortako San Nikolas plazan. Poteoarekin hasi, eta 14.30rako bertso bazkaria antolatu dugu Abian Kultur Elkartean. Jone Uria eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan. Bazkarirako txartelak salgai daude hemen, 17 euroren truke. Txartelak erosteko azken eguna martxoaren 16a izango da», laburbiltzen dute.
Uriak 2008an hartu zuen parte lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara iritsiz eta gerora finaletan ari da: 2010, 2012, 2014, 2016, 2018 eta 2021ean. 2009, 2013 eta 2017 urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere aritu da. Enbeita, berriz, 2006an iritsi zen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Euskal Herriko Txapelketan ere aritu da 2005, 2009, 2013 eta 2017an.
Topaketaren helburu nagusia «bertsoaren inguruan gabiltzan emakumeak batzea da, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak, elkar ezagutu eta saretzeko asmoarekin», gaineratzen dute.