https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizitzaren ardatza

Bizitzaren ardatza

Julian Barnes idazlearen 'Istorio bakarra' nobela euskaratu dute

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Julian Barnes literatur zaleen artean aurkezpen berezirik behar ez duen idazlea da, 1946an Ingalaterran jaiotako idazle honek hogei liburutik gora idatzi baititu. Oraingoan, euskaraz ere bere nobela bat irakurtzeko parada dugu, 'Istorio bakarra', ingelesez 2018an bertan argitaratutako 'The Only Story' nobelaren euskal itzulpena. Izan ere, argitaratzeak berak ere erakartzen du arreta, jatorrizkoa agertu deneko urte berean plazaratu baita euskal itzulpena, gaztelerazko bertsioa, hitz hauek idazten ditudan momentuan, oraindik ere agertu ez delarik, oker ez banago. Eta euskal argitarapenaren kontuarekin bukatzeko, Aritz Gorrotxategi, itzulpenaren arduraduna, beti bezala aritu dela esan behar, hau da, bikain.

Istorio bakarra

Egilea:
Julian Barnes. Eleberria.
Argitaletxea:
Meettok. Donostia, 2018. 240 orr. 19 euro

Nobela honetan amodiozko istorio bat kontatzen da, adin desberdintasunak markatutako amodiozko istorioa. Gertakarien abiapuntua 60ko hamarkadan kokatuta dago, eta amodiozko istorio horrek garaiko konbentzio sozial guztiak apurtzen ditu. Istorio honen protagonisten artean alde handia dago adinaren aldetik. Harremanetan hasten direnean, mutilak oraindik ere ez ditu hogei urte bete, emakumeak berrogeita hamar urte inguru dituelarik. Bestalde, emakumea ezkonduta dago, eta ohikoa dirudien familia baten barruan agertzen zaigu, senarra eta bi alaba dituelarik. Nobelan amodiozko istorio hori ('istorio bakarra') nola gauzatzen den kontatzen zaigu, nola eraikitzen den eta gero zein den bere bilakaera. Baina idazlan honetan argumentua bezain garrantzitsua da kontatzeko modua. Narratzaileak pertsona gramatikal desberdinak erabiltzen ditu istorioa azaltzeko, baina funtsean dagoeneko zahartzaroan murgilduta dagoen mutilaren ikuspegia eskaintzen du beti. Denbora iragandakoan sortzen den ikuspuntu horrek determinatzen du zer kontatzen den eta protagonistak istorioa nola ikusten duen, kontaera hausnarketarako aitzakia ere badelarik. Denbora igarotzeak inplikatzen duen mundu-aldaketa, gaztea ala zaharra izatea, edota oroimenaren beraren funtzionamendua bihurtzen dira hausnarketa horretarako gai.

Honelako istorioak istorio bakarrak dira, ez orijinalak direlako, baizik-eta pertsonen bizitzen erdigunean agertzen direlako.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos