Bilbok eta Euskaltzaindiak hirian euskararen erabilera sustatzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute
Bi hamarkada baino gehiago daramatzate elkarrekin lanean, euskara normalizatzeko eta zabaltzeko
Zurekin
Asteartea, 26 iraila 2023, 13:16
Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzea da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak astearte honetan sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren xedea; Euskaltzaindiaren egoitzan izan da sinatzeko ekitaldia, Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian. Urtero, Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen hau sinatzen dute, Bilbon euskararen garapenaren eta sozializazioaren alde elkarrekin lan egiteko duten konpromisoa jasotzen eta formalizatzen duena.
Agiriak hainbat ekimen ezartzen ditu, hala nola hizkuntzaren arloko aholkularitza, hitzaldiak antolatzea eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kulturaren zabalkundea eragiteko jardunaldiak eta kultur jarduerak antolatzea. Aurtengo ekintzen artean, nabarmentzekoa da Lautan Hiru euskarazko antzerkiaren jaialdiari emandako bultzada.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak bi hamarkada baino gehiago daramatzate elkarrekin lanean, hirian euskararen erabilera normalizatzen eta areagotzen. Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, «Euskaltzaindiak euskararen ikerketa eta sustapena ditu helburu, eta helburu horiek betetzeko tresna eraginkorra da aspalditik datorren elkarlan hau. Kasu honetan, Bilboko egunerokotasunean euskara aitzinatzeko baliatuko dugu hitzarmen hau, esaterako, kulturaren bidez euskara atsegingarri egiteko gizartearen aurrean».
Euskaltzaindia 1919an jaio zen, euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala delarik. Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xedetzat, eta eman ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak.