Bertso eskola feministetan izena emateko epea amaitzear dago
Igandera bitarte izango du nahi duenak Gizonentzako Bertso Eskola Feministan nahiz Ahalduntze Bertso Eskola Feministan matrikulatzeko aukera
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 24 iraila 2021, 01:47
Bertso eskola feministetan izena emateko epea amaitzear dago. Igandera bitarte izango du nahi duenak Gizonentzako Bertso Eskola Feministan nahiz Ahalduntze Bertso Eskola Feministan matrikulatzeko aukera. Bi kurtsook urriaren 9an eta 16an abiatuko dira, hurrenez hurren. Bi ikastaroek lanketa feminista dute erronkatzat. Horietan teoria, praktika eta talde dinamika nahasten dira.
Zehatzago esanda, Ahalduntze Bertso Eskola Feministak plazetako eguneroko jardunaren inguruan trebatu nahi ditu emakume bertsolariak; eta, Gizonentzako Bertso Eskola Feministak, aldiz, gizonezkoei generoaren gaiak duen eragina ezagutzera ematea eta bakoitzak egin dezakeenaren inguruan hausnartzea du xedetzat.
Kurtsook hilean behin izango dira, larunbatetan Amasa-Villabonako Subijana etxean, goizeko 10etatik eguerdiko ordu bietara. Aurten nobedade gisa, Ahalduntze Bertso Eskola Feministan izen ematen duten emakumezkoen kopuruaren arabera, baliteke beste ikastaro bat Durangon gauzatzea.
Emakume bertsolariei bideratuta doa Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Gizonentzako Bertso Eskola Feminista, berriz, bertsolari eta gai jartzaileentzat izateaz gain, gai horren inguruan interesa duen edonori zuzenduta dago. Bi kurtsoek prezio berbera aurkezten dute, 150 eurokoa, hain zuzen ere.
Nahi duen edonok bertsozale.eus webgunean eman dezake izena kurtsoetan. Bertaratzen direnek izen-ematearen esteka aurkitzeaz gainera, bi ikastaroen inguruko hainbat xehetasun ikuskatu ahal izango dituzte, kurtsoa ospatuko diren datak, esaterako.