https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg
Patx&Run - Rock taldea

«Bertsioak egitetik gure abesti propioak jotzera igaro gara»

Aiaraldea eta Enkarterriko zazpi lagunek osatzen dute Patx&Run musika taldea. /Pedro Urresti
Aiaraldea eta Enkarterriko zazpi lagunek osatzen dute Patx&Run musika taldea. / Pedro Urresti

Bandak 'Itzalak' diskoa kaleratu du, rock estiloko zortzi abestiz osatua

IRAITZ URKULO

Patx&Run musika-taldea Aiaraldeko eta Enkarterriko zazpi lagunek osatzen dute. Sei urte igaro dira elkarrekin jotzen hasi zirenetik, eta lau urte lehenengo kontzertua eskaini zutenetik. Garai hartan, beste talde batzuen abestiek osatzen zuten haien errepertorioa. Berriki, ordea, lehen diskoa aurkeztu dute, 'Itzalak' izenekoa. Bertan, beraiek konposatutako zortzi abesti bildu dituzte, bost euskaraz eta hiru gaztelaniaz.

Emakume-abeslariaren ahots boteretsuak gaurkotasun handiko letrak zabaltzen ditu, eta gainerako sei taldekideek jotzen dituzten musika-tresna ugarien bidez, rock doinuak beste hainbat estilorekin nahasita ageri dira. Horixe da arrakastarako bidean lehen pausoak ematen hasia den Patx&Run taldearen proposamen berezia.

–Noiz sortu zen Patx&Run? Zer asmorekin?

–2013ko udan hiruzpalau lagun biltzen hasi ginen Gardeako (Laudio) ezagun baten garajean, gure asteburuetako arratsaldeak musikaz betetzeko. Hasieratik izan genuen jendaurrean jotzeko asmoa, baina lehendabiziko urte eta erdian entseatu besterik ez genuen egin. 2015eko martxoaren 7an izan zen Patx&Run-en estreinako kontzertua, Gardean bertan, Drumgorri aretoan.

–Hasieran abesti ezagunen bertsioak jotzen zenituzten. Ska, punk eta rock doinuak, batik bat.

–Bai, garai hartan taldekideek entzuten genituen taldeen abestien bertsioak jotzen ahalegintzen ginen. 2015. urtera arte ez genuen gure abesti propioak konposatzeko pausoa eman. Dena den, gaur egun ere, gure kontzertuetan pare bat bertsio jotzen jarraitzen dugu.

–Nortzuek osatzen duzue Patx&Run? Zein da zuetako bakoitzaren funtzioa?

–María Ereña (ahotsa), Jon Basterra (gitarra), Jon Andoni Diego (gitarra), Jon Aldama (baxua), Borja Pérez (bateria), Lander Ria (tronpeta) eta Julen Pagazaurtunduak (tronboia) osatzen dugu Patx&Run. Letrak eta musika taldekide guztien artean sortzen ditugu.

–Zeintzuk dira hain talde zabala izatearen abantailak? Bada desabantailarik?

–Abantaila nagusia da bakoitzak ditugun gustu musikalak batzeko eta, nahasketa horretatik, genero askotako abestiak sortzeko aukera dugula. Bestalde, desabantailei dagokienez, entseguetan elkartzeko, kontzertuen datak zehazteko eta taldearen funtzionamenduarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko zailtasunak izaten ditugu batzuetan.

Lehen diskoa

–Erabaki kontzientea izan zen zuen abesti propioak konposatzen hastea?

–Lehenago esan bezala, 2015. urtearen hasieran hasi ginen gure lehendabiziko abestiak konposatzen. Gainerako taldeen bertsioak jotzeaz gain, gure abesti propioak jotzeko ilusioa piztu zitzaigun eta, horregatik, abestiak sortzeari ekin genion. Luzaroan hausnartu genuen erabakiaren inguruan, baina guztiz kontzientea izan zen.

–Nola laburtuko zenukete zuen lehen esperientzia grabazio-estudioan?

–Prozesua gogotsu hasi genuen; izan ere, hilabete luzez entsegu lokalean abestiekin bueltaka ibili ondoren, estudiora sartzeko gogo handia genuen. Hala ere, disko bat grabatu duen edonork dakien bezala, lan gogorra eta nekeza egin behar izan genuen estudioan, baina emaitza entzun ondoren, benetan uste dugu merezi izan duela.

–'Itzalak' izena jarri diozue zuen lehen diskoari. Zergatik?

–Gaur egungo gizartean guztiok ezagutzen ditugun hainbat egoera ezkutuan mantentzen dituzte oraindik ere politikariek eta hedabideek. Diskoa zortzi abestik osatzen dute, eta horietako bakoitzak 'itzal' bati buruz hitz egiten du.

–Zertaz dihardute, bada, zuen abestien letrek?

–Diskoko abestiek mugimendu ultraeskuindarren gorakadari, kontsumismoari, sexu jazarpenari, maitasun erromantikoaren idealari, dispertsioari, errefuxiatuen egoerari, azken urteotan elizaren aurka egindako salaketei eta, nola ez, musika berari buruz hitz egiten dute.

–Rock estilo eta erritmo ezberdinak entzun daitezke diskoan, ezta?

–Bai, gure gustu musikalak kontuan hartuta, diskoko abestien oinarria rocka da. Baina ia abesti guztietan, rocka beste genero batzuekin uztartu dugu; metal, punk, pop edo tangoarekin, besteak beste.

–Euskal rockaren mundua gizon-ahotsez beterik dago. Zuek, ordea, emakume bat duzue abeslari, eta esango nuke haren ahots garbi, indartsu eta erregistro zabalekoa dela Patx&Run taldearen bereizgarri nagusietako bat. Ez da hala?

–Gizonezkoak 'nagusi' diren mundu honetan, guk hasieratik argi izan genuen emakumezko abeslari bat nahi genuela taldean, uste genuelako erregistro zabalago bat eskaini ahalko zigula. Horregatik, hain zuzen ere, emakume bat dugu lehendabiziko lerroan.

–Ahotsaz gain, tronpeta, bateria eta gitarra elektrikoa ere oso nabarmenak dira kantu guztietan.

–Instrumentu bakoitzak bere garrantzia du diskoaren une desberdinetan, eta hori nabarmendu nahi izan dugu. Aipatu bezala, genero ugari lantzen ditugunez, instrumentu asko izateak erraztu egiten digu lan hori. Horregatik, Patx&Run ahotsak, bateriak, bi gitarrek, baxuak, tronpetak eta tronboiak osatzen dute.

Zuzenekoak

–Ezberdin sentitzen zarete zuek konposatutako abestiak jotzen dituzuenean?

–Bai, oso gustuko dugu abesti propioak jotzea; izan ere, guk sorturikoak dira eta beste taldeen bertsioak jotzean sentitzen ez duguna sentiarazten digute.

–Nola erantzun dute zuen jarraitzaileek? Oro har, pozik zaudete diskoa izaten ari den harrerarekin?

–Jarraitzaileengandik baino gehiago, gure lagun eta familiakoengandik jasotako erantzunaz hitz egin behar dugu. Orokorrean, denei gustatu zaie emaitza, eta horrek asebete egiten gaitu. Beraz, diskoa izaten ari den harrerarekin oso pozik eta harro gaudela esan dezakegu.

–Bide berri honetan, zer helburu bete nahiko zenituzkete?

–Diskoa atera berri dugu eta, oraingoz, abesti berriak ezagutzera eman, letren bitartez bidali nahi ditugun mezuak jendartean zabaldu eta ahal beste herri eta agertokitan jo nahiko genuke. Eta, jakina, orain arte taldekideon artean izan dugun harreman bikainari eutsi eta, etorkizunari begira, beste disko baten sorkuntza-prozesuan murgildu.

Temas

Euskera