David Gonzalez, Brooklynen, Berri Txarrakekin egindako bira batean.Galder Izagirre
«Berri Txarraken azken kontzertuak ematen ari ginela, 'Fyre' disko berria sortzen hasi ginen»
David Gonzalez baxu jotzailea | COBRA taldea ·
Hamaika urte Lekunberriko taldearekin aritu ostean, Deustuko baxu jotzaileak COBRA bere taldeak kaleratu berri duen hamar abestiz osatutako lana aurkezten digu. «Orain arte egin dugun diskorik onena da»
Rockero tomateroa da David Gonzalez, Deustuko auzoan hazitako talentu handiko baxu jotzailea. Duela hilabete batzuk Berri Txarrakekin bizi izan duen 11 urteko ibilbideari agur esatea tokatu zitzaion. Hala ere, hondoratzetik urrun, gaur, COBRA bere bandaren lan berria aurkezten digu. Laugarren diskoa, alegia, 'Fyre' izenekoa.
Arte Ederretan lizentziatua, Olabeagako bere etxean konfinatuta dagoen Lauroko ikasle ohiak 25 urte daramatza oholtza gainean. Gari, Rafa Rueda edota Petti bezalako bakarlariekin partekatu du eszenatokia, eta, duela gutxi, 1.000 kontzerturen langa gainditu du 'Ikusi arte' agur biran murgilduta zegoela. Bere curriculumean mundu osoko ikusleen aurrean gozatu izan duela letra handiz dago idatzita, eta euskal bandek inoiz eman duten kontzertu handienaren protagonista izan dela esan dezakegu ere bai. Dena den, musikarekin duen lotura asetu nahian, 41 urteko musikariak bere errepertorioa aberasten jarraitzen du disko berri honek erakusten digun moduan. Bere ibilbidearen hogeigarrena inguru. Sua, azken batean.
-Gogor amaitu 2019 eta gogor hasi 2020...
-Bai, ez dut denbora askorik izan atseden hartzeko. Onartuko dizut gogorra izan dela Berri Txarraken agurraren azken urte hori. Hirurok ikuspuntu desberdinak geneuzkan amaieraren inguruan, eta horrelako egoera batean BTX bezalako talde batek daukan erritmoa eta elkarbizitza kudeatzea ez da bat ere erraza. Hala ere, benetan gozatu izan dut 'power trio'-arekin, eta, are gehiago, publikoaren jarrerarekin. Zer esan azken kontzertu horiei buruz... Hunkigarriak! Baina, behin betiko amaiera hori baino lehen, COBRAren disko berria prestatzen hasi ginen, eta, momentuz, ez dut sumatu neurri handi batean taldearen bukaera hori. Asteburuetan gehiago bai, hori egia da (ja, ja). Iruñeko kontzertua amaitu eta handik bi egunetara abesti berriak idazten eta entsegatzen nengoen. Beraz, 'Fyre' beti izango da niretzat disko berezia, nire bizitzaren momentu oso berezian sortu eta grabatu dudalako.
-Zer aurkituko du entzuleak 'Fyre'-n?
-Euskaraz eta ingelesez abestutako hamar abestiz osatutako lan aldakor eta kamaleonikoa da. Orain arte esploratu gabe zeuden bide berriak aurkitu ditugu, eta, nire ustez, hamabost urteko ibilbidearen ostean, beharrezkoa eta naturala zen azalberritze musikal baten bila joan gara. 'Fyre'-k lau ere esan nahi du, eta disko berri hau laugarrena izanda, bitxia iruditu zitzaigun izen hori. Baina elementu nagusia sua da, eta abestiekin hori transmititzea lortu dugula uste dut. Burubelarri ibili gara azken sei hilabeteetan sormen prozesuan, Xanpe gure ohiko teknikariarekin diskoa grabatu dugun arte. Berarekin batera ekoizpenaz arduratu gara eta oso pozik gaude emaitzarekin.
-Entzun behar dudan abestia?
-Denak entzun beharko zenituzke (ja, ja). Baina disko berriaren gauzarik bereziena da Liam Cormier Cancer Bats taldeko abeslariaren parte hartzea. Orain dela urte asko ezagutu nuen Berri Txarraken nengoela, eta, ordutik, COBRArekin abestu behar zuela argi geneukan. Disko honetako 'We are next' abestia idatzi bezain pronto deitu genion.
1. David Gonzalez, baxua jotzen kontzertu batean. 2. COBRAren taldekideak. 3. Berri Txarrak, publikoari eskerrak ematen.
Gaizka Peñafiel | Dave Blanco | Eider Iturriaga
Zinea eta musikaren uztarketa
-COBRA, zergatik izen hori?
-Orain dela 15 urte elkartu ginen laurok abestiak egiteko asmoarekin. Josu Luengok (gitarra. Evirus69) eta biok beste talde batean elkarrekin jotzen genuen, eta, bukatu bezain pronto, COBRA sortu genuen. Gero, Haritz Lete (abeslaria. Kokein) eta Ekain Elorza (bateria. Morgan) batu ziren, eta, hortik aurrera, elkarrekin musika egiten duten lagunak bihurtu gara. Izenari buruz... Zinea eta musika nahastea zen gure hasierako ideia, eta, horregaitik, George P. Cosmatos zuzendariaren film klasikoaren COBRA izenburua jarri genion talderari. Gure letrek eta taldearen estetika zein izenak zinearekin harreman estua izan dute beti.
-Nola definituko zenuke zuen musika estiloa?
-Nahiz eta laurok, oro har, rocka gustokoa dugun, gero bakoitzak estilo musikal desberdinak entzuten ditu. Eta hori gure musikan islatzen saiatzen gara, izan ere, nahiz eta rock talde bat izan, estilo horretan ñabardura pilo bat aurki daitezke eta horiek nahastea izan dugu helburu. Soilik bi edo hiru talde erreferente moduan daukaten arimarik gabeko talde asko daude eta hori niri hanka-sartze handia iruditzen zait. Aurreritzi gutxiago eta influentzia gehiago behar dute talde berriek, zer edo zer desberdina eskaintzeko bide bakarra baita hori. Azken batean, sortzaile garenoi influentzia ezberdinez xurgatzeak askatasuna ematen digu. Eta hori ezinbesteko gauza da sortu nahi dugun hori erabat berezia edo desberdina izateko.
-Orain, koronabirusaren ondorioz, bolorik ez. Baina egoera hau pasa ostean bira egin edota kontzertu desberdinak emango dituzue?
-Bizitzen ari garen egoera arraro eta triste honek guztiz jokoz kanpo harrapatu gaitu, eta diskoa prestatzeko zein grabatzeko egindako lan eta esfortzu guztia zapuztu denaren sentsazioa daukat. Uste dut orain arte egindako diskorik onena daukagula eskuartean eta horrek mantentzen nau zutik eta itxaropentsu. Beraz, abesti berri horiek elkarbanatzea eta gero zuzenekoei itxarotea baino ez zaigu geratzen. Ea normaltasun puntu batera heltzen garen eta jendearen erantzuna jasotzen dugun.
-Hamabost urte daramatzazu COBRAn eta hogeitabost musikaren munduan. Nondik datorkizu musikarekiko zaletasun hori?
-San Mamesetik bueltan etxera heldu, eta, bertan Mikel, nire anaia, baxu batekin aurkitu nuen. Hamabi urte nituen orduan eta anaia nagusia izanda, berak egiten zuen guztia kopiatzea zen legea. Egunero saiatzen nintzen bere logelan sartzen baxua astintzeko asmoarekin eta gaur egun dakidan guztia berari zor diot. Lehen kontaktu horretatik, burubelarri ibili naiz baxuarekin, eta, azkenengo urteetan, gitarrarekin ere jarri naiz, abestiak idazteko aukera interesgarria baita. Orain dela bi urte, Pi L.T. taldeko kideok berriz elkartu ginen kontzertu batzuk emateko, eta zenbait abestitan gitarra jotzea tokatu zitzaidan. Ordutik sei sokak astintzen ikasten saiatzen naiz.
-Pi L.T., COBRA, Berri Txarrak...
-Zorte handia izan dut aukerak jarraian etorri zaizkidalako. PiL.T.-k eman zidan musikaz bizitzeko lehenengo aukera, eta hori ez dut ahazten. Oso eskertuta nago. Dei batekin bidea ireki zidaten. Ez da hutsala musikaren munduan. Eta Berri Txarrakekin 'antzeko parecido'. Londresen oporretan nengoela mezu bat heldu zitzaidan BTXekoek deituko zidatela esanez. Baxu jotzaile berri baten bila zeudela eta nire izena mahai gainean zegoela. Baina mezu horri esker, denbora izan nuen egoera aztertzeko eta zetorrenari aurre egiteko. Handik aste batera Aitor Goikoetxea bateria jotzailearen deia jaso nuen eta hor hasi zen nire abentura.
-Sekulakoa ezta?
-Bai, hamaika urteko ibilbide liluragarria. Lau disko eta single bat grabatu ditut taldearekin eta 600 kontzertu inguru eskaini. Mundu osoko eszenatokietan ibili gara (Hegoamerika, Iparamerica, Asia, Ozeania, Europa…) eta hamaika bizipen izan ditugu. Horien artean, Ross Robinson (Sepultura, The Cure, Korn…), Bill Stevenson (Black Flag eta Descendents taldeko bateria jotzailea) eta Steve Albini (Nirvana, Neurosis, Slint…) bezalako ekoizle famatuekin lan egiteko aukera izatea.
Chemical Brothers, Oasis, Sepultura...
-Eta musikaren munduan sartu zinen arte?
-Baxuak oso gazte harrapatu ninduen, eta, hasiera batean, nire ikasketak instrumentua ezagutzeko fasearekin tartekatu nituen. Gurasoen etxean bizi nintzen eta nire lehengo lana hemengo promotora ospetsu batek antolatzen zituen kontzertuen muntaiak egitea izan zen. La Casilla zein Bilboko zezen plazako kontzertu guztietan lan egiten nuen kamioiak deskargatzen eta eszenatokiak muntatzen. Gero talde guzti horien 'crew' edo langileen lagun egiten nintzen eta beraiekin saltseatzen nuen bateria zein anpli edota gitarrekin. Chemical Brothers, Marilyn Manson, Sepultura, Radiohead, Slayer, Incubus edota Oasis bezalako taldeen kontzertuetan lan egiteak musikaren inguruko gauza asko irakatsi zizkidan. Bitartean nire taldearekin jotzen jarraitzen nuen, eta gero eta argiago nuen musikaz bizi nahi nuela. Orduan, Arte Ederrak ikasten nengoela, Pi L.T-ren deia heldu zitzaidan.
-Eta ordutik, 1.000 kontzertu... Baten batekin amesten duzu oraindik?
-Berdin zait non jo, norekin eta zer jotzen dudan atsegin badut. Niretzako, momentu honetan hori da garrantzitsuena. Abiapuntu horrekin edozein lekutan oso gustura ariko nintzateke. Musikak eman didana ordainezina da eta berarekin zorretan nago, betirako. Bidaia sinestezina izan dut orain arte eta espero dut etorkizunean zoriontsu izaten jarraitzea. Saiatu behintzat, seguro saiatuko naizela.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.