https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Basque Culinary Centerrek 'Culinary Action!' egitasmoa jarri du abian berriro ere

Sukaldariak, Basque Culinary Centerren./Félix Morquecho
Sukaldariak, Basque Culinary Centerren. / Félix Morquecho

Ekimena duela 5 urte jarri zen abian eta harrezkero gastronomiaren arloko 55 startup bultzatu ditu

UNAI SARRIUGARTE

Basque Culinary Centerrek 'Culinary Action!' egitasmoa jarri du abian berriro ere. Ekimen hauxe BCC Innovationen parte da eta gastronomia sektorean startup ezberdinak garatzea du xede. Izan ere, programa honek gastronomiaren arloko enpresa hasiberrien negozio-ereduak sendotu eta sustatu nahi ditu, sektore honetako enpresa berrien ekintzailetza eta sustapena bultzatzeko eta elikadura-merkatuari balioa emateko helburuarekin.

Bertan esku hartu nahi duten enpresek ideia bideragarri bat bidali behar izango dute irailaren 30a baino lehen. Epaimahaiak hautatutako proiektuak urriaren 5ean emango dira aditzera. Gehienez epaimahaiak bost eta zortzi proiektu bitartean aukeratuko ditu. Onuradunek bi asteko prestakuntza-plan trinko bat jorratu ahal izango dute urriaren 21etik 25era eta azaroaren 4tik 8ra bitartean Basque Culinary Centerrek urtero martxan jartzen duen berrikuntza irekirako laborategi gastronomikoan, LABe-Digital Gastronomy Lab gunean, Donostiako Tabakalera prisman kokatuta izango dena.

Prestakuntza plan honetan esku hartuko duten startup onuradunek gastronomiaren sektorearen eta merkatu berrien joerarekin erlazionatutako formazioa jasoko dute. Programa honetan Basque Culinary Centerreko sareko aditu eta irakasleek parte-hartuko dute. Sukaldaritzari lotutako gaiak jorratzeaz gain, beste hainbat kontzeptu landuko dituzte, logistika eta retaila esaterako.

Gainera gastronomiaren esparruan erreferente den erakunde honek gastronomiaren eta elikaduraren sektoreko Espainiako eta nazioarteko kontaktuen sare bat eskainiko die enpresa hauexei, bai eta aipatutako Basque Culinary Centerreko irakasle eta aditu taldearen laguntza, ekintzaileen esperientziak, goi-mailako lantegi praktikoak eta inbertitzaile-sarearen bitartez finantzaketa bilatzeko laguntza ere.

Programa honetan parte-hartu ondoren, startup hauexek Demo Day batean lehiatuko dira abenduaren 2an. Bertan, euren proiektua aurkezteko parada izango dute gastronomia sektoreko aditu eta inbertitzaile ezberdinen aurrean.

'Culinary Action!' egitasmoa duela 5 urte jarri zen abian. Harrezkero gastronomiaren arloko 55 startup bultzatu ditu, eta zorionez horietatik 37 oraindik merkatuan dabiltza lehian.

Bertan esku hartu nahi duten startupek informazioa emateko inprimaki bat osatu beharko dute 'Culinary Action!' ekimenaren web orrialdean (http://www.culinaryaction.com/eu/aceleradora) edota posta elektronikoz (culinaryaction@bculinary.com).