https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bakoitzari dagokiona

Euskal Autonomia Erkidegoari zor zaizkion transferentziei begira ez dago sakoneko aldaketarik Espainiako egungo gobernuaren eta aurrekoaren artean. Adierazpen gazi-gozoak eta keinuren bat edo beste tartekatzen ditu Lurralde Politikako Batet ministroak. Eta ez da nahikoa

Bakoitzari dagokiona
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Dagoeneko zalantzazkoa da Gernikako Estatutua inoiz guztiz beteko den. Berdin zaio herritarrek espreski baietsitako lege organikoa izatea, aspaldiko 1979an onartutakoa. Transferentzien geraldia egunotan hautsi da neurriren batean, zazpi urtetan lehen aldiz. Arabako AP-1 autobidearen zati baten eta Bizkaiko Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbideen eskuduntzak dira eskuz aldatu direnak. Segida izatekotan, urrats bat adierazi lezakete bigarren mailakoak diren arren. Baina ikusteke dago Gizarte Segurantzaren eskumena eta espetxeei dagokiena halakoren batean mahai gainean jarriko ote diren, borondate politikoz. Ezetz ematen du, zoritxarrez. Arlo horietan, jatorrizko konpromisoa betetzeari uko egin diote 40 urte luzetan González, Aznar, Zapatero eta Rajoyren gobernuek, eta litekeena da praktikan Sánchezek ildo beretsutik jotzea.

Jaurlaritza, dagokion legez, ekinean ari da autogobernua guztiz osatzeko. Lanean dihardu helburu hori azkeneraino eramateko. Horretarako badago lan-tresna garrantzitsu bat, eskuratu gabeko transferentzien inguruko txostena, berton landu eta Mariano Rajoyri helarazi zitzaiona. Pedro Sánchezi ere eman zion zerrenda hori lehendakariak, elkarren arteko lehen bileran. Gainera, iragan urriaren 25ean, Estatutua onartu zeneko urteurrenean, Urkulluk eskutitza igorri zion Gobernuko presidenteari, jaso gabeko gaiak behingoz eskuratzeko lan-plangintza eta egutegi proposamenekin. Bi dokumentu hauen helburua argia eta zehatza da: eskualdatzeok erraztea eta autogobernua bere osotasunean betetzea.

Ildo horretatik hitz egiten jarraitzeko ados daude alde biak. Jakinda bi zailenei heltzea ezinbestekoa dela. Kartzelei buruzkoak posible behar du, areago Kataluniari eman zitzaiola eta horrek ikuspuntu juridikotik Euskadiri dagokionean ere prozesua asko errazten duela kontuan izanda. Zailagoa dirudi Gizarte Segurantzarena, baina irudimenezko formulak baliatu beharko dira, ezin baita Estatutuan zulo beltzik geratu, bete gabekorik. Jaurlaritzak azpimarratua du malgua izango dela, zirt edo zartekoetan galdu gabe, baina Gizarte Segurantzaren erreximen ekonomikoaren kudeaketa bertora ekartzea hitzez hitz Gernikako testuan dagoela oso aintzat hartuta.

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizioaren gobernu-programak Estatutua betetzeko apustua du lokarrietakoa. 2009 eta 2011 artean Rodríguez Zapaterorekin egin zen urratsik horretan saiatzeko, eta horiek ekarri gura dira egungo prozesura. Izan ere, lege organikoa da euskal autogobernuaren edukia zehazten duena, eta hori betetzeak legearekiko errespetua aldarrikatzen dutenen helburu nagusietakoa behar luke. Sánchez presidenteak deszentralizazioan sakontzeko asmoa agertu du behin baino gehiagotan, autonomien estatua ildo federaletik eramatekoa eta Katalunia zein Euskadiko errealitateak aintzat hartzekoa. Gurean aukera bikaina dauka hitzok edukiz betetzeko, legedian jasotakoak praktikara eramateko. Geroko gerotan geratze etengabeak arazoak betikotu eta tentsio politikoak bizitzen ditu. Aliatuen beharrean dago Sánchez, eta adore gehiagorekin baino ez du lortuko benetan sinesgarri eta lehentasunezko solaskide izatea.

Meritxell Batet Lurralde Politikako ministroak zenbait adierazpen egin ditu egunotan, gauzatutako bi transferentzia txikien haritik. PSCko kidearen aburuz, badago urtea amaitu aurretik eskualdetzeen inguruko egutegia adosterik, eta teknikoki samurren diren transferentziei heltzerik. Hortik aurrera onartua du Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrerak urrun daudela Gizarte Segurantzari buruzkoetan. Beste modu batera esanda, Estatutuaren aurreikuspen hori ez da inoiz beteko. Kartzelena ere ez du erraz ikusten buruzagi sozialistak, baina lanean hasteko borondatea agertu du. Aldeen arteko leialtasun instituzionalari oinarrizkoa iritzi dio antzeko negoziazioetan aurrera egiteko, ziurrenik Kataluniako egoera buruan duela, baina ikusteke dago Jaurlaritzaren prestutasun horrek zer nolako erantzuna izango duen praktikan, adierazpenez harago.

Batetek Konstituzioa izan du hizpide, honen 40. urteurrenaren atarikoetan. Abertzaleek horri buruz duten iritzia gorabehera, gogorarazi die horren baitan dela posible egungo autogobernua eta baita lehendakaria Eusko Jaurlaritzako buru izatea ere. Iruzur dialektikoa dago hor, jakina, herri borondatearekiko errespetuzkoa litzatekeen edozeinek ahalbidetuko lituzkeelako horiek, ez bereziki gaur egun indarrean dagoenak. Konstituzioak oinarrizko gabeziak ditu berton, 1978ko erreferendumeko emaitzaren ondoriozkoak, eta Espainiako edozein gobernuk daki hori. Autogobernurako borondatea oso zabala da Euskal Autonomia Erkidegoan, Gernikako Estatutuaren onarpenak islatu zuen eran, baina bestelako Konstituzioa nahiago luke bertoko herritargoaren gehiengoak, baita lau hamarkada beranduago ere.

Gernikako Estatutua guztiz ez betetzeak ez du laguntzen, ziurrenik, autonomien estatuaren aurreko konfiantzan, ikusi denez posible delako adostutakoa ezerezean geratzea. Berme nahikorik gabeko sistema da honakoa arlo honetan, eta ez die behar bezala erantzuten nazio izaerako erkidegoen asmoei. PPk eta Ciudadanosek, gainera, oinarrizko zenbait eskumen botere zentralari itzularaztea eskatzen dute ahal dutenero, eta horrek ezinegona sortzen du, indarrean dauden hainbat oreka hauskor arriskuan ikusterainokoa.

Estatus berria negoziatzerakoan guzti hauek kontuan hartu beharko dira. Zeharkako konpromisoak ahalbidetuz, jakina, baina aldi berean autogobernuan sakontzeko borondate gehiengozkoari uko egin gabe. Espainiako eskumaren egungo jarrerak ikusita, ezinezkoa dirudi Konstituzioa ildo federalera edo deszentralizazioan sakontzekora eramateko erreformarik burutzea. Eskubide historikoen bideak eman lezake fruiturik gurean baina hor ere bada eragozpenik, testuen interpretazioa aspaldion ez baita ez malgua ez eskuzabala horren inguruan erabakitzen duten eragile politiko eta judizialen aldetik. Autogobernuaren bidea oztopoz josia dator. Eta arlo honetan geldialdiak betikotzeak sekulako arriskuak dakartza.

 

Fotos

Vídeos