Urgente Un accidente en Ugao-Miraballes obliga a cortar la BI-625

Bakardadea eta literatura

Totalitarismoak bizitza oro publiko egiten du, pribatutasunik gabe

Viernes, 29 de enero 2021, 22:28

Izurriteak utzi digun paisaia guztiz da asaldagarria. Kanpora ezin joanda, barnera errenditu beharra izan dugu gehienok. Horrek norberari duen egoeraren berri ekarriz, bere ispiluaren irudia erakutsi dio eta, batzuentzat, bakardadearena baino ez da izan. Bakardade guztiak, izurri denboran, berdinak edo berdintsuak badira ere, normaltasun betean arras dira ezberdinak.

Publicidad

Bada nahita bilatzen den bakardadea, norberarentzat aberasgarri delakoan. Askotan aipatu izan da sortzaileak bakardadea behar duela, bere sormenaren iturria ireki eta isuriari joaten, edo etortzen, uzteko. Idazle batzuen bakarraldiak mitikoak dira, eta eraginkorrak oso. Artistak isolamendua nahi du noiz edo noiz; munduaren zarata eta oihartzunetik ihes egin eta bere buruarekin bakarrik egoteko aukera bila ibiltzen da. Jakinik, hori bai, nahi izanez gero, itzuli daitekeela bere egoera naturalera, gizartean ala gizartetik kanpo. Bada, ordea, beste era bateko bakardadea, behartutakoa, nahi ez eta inposatutakoa: bakarrik egon gabe, bakarrik sentitzea da, jendearen artean bizi izanik, jendearekiko harremanik batere ez izatea, nork bere burua abandonaturik ikustea, azken finean.

Isolaturik egon gabe, kondena bakarrik egotea da, inorekin harremanik ez izatea

Hannah Arendtek bi bakardadeak ezagutu eta haiei buruz teorizatu du. Lehenari, isolamenduari, 'loneliness' deitzen dio; bigarrenari, 'solitude'. Euskaraz ez dago, hitzez bederen, bereizketa hori. Guretzat bakardade guztiak bakardadeak dira, eta bakarrak. 'Solitude' hitzaren kidekoa nonbait poeta galiziarrek zabaldu zuten aspaldi, poesia kontuetan aitzindari zirenean. 'Soëdade' hi-tzaz bakardadea, abandonua eta absentzia adierazten zuten: ez egotearen moduak horiek denak. Baina ez egotea, nonahi delarik ere, mingarria izan daiteke, jasanezina. Gaztelerak ez du 'nostalgia' hitza ezagutuko XVIII. mendera arte, gure 'urrutimina'. Portugesezko 'saudade' hitza ez da bakardade soila; zerbait adierazten zaila da, nortasunari eta izaerari lotua. Poesiaren makulu da, urrutira begiratzen duenaren jarrera.

Hannah Arendt aipatu badut, berak totalitarismoaren oinarrian bakardadea ikusten duelako da. Totalitarismoak, Arendten iritzian, gizon-emakumeak mendean hartzen ditu, bakardadea ('solitude') eguneroko esperientzia bilakatu den neurrian. Totalitarismoak bizitza oro publiko egiten du, pribatutasunik gabe. Beraz, harreman guztiak publikoak izanik, denaren kontua Estatuari eman beharra dagoela, guztien bizitzak bakardadera kondenatuak dira. Isolaturik egon gabe, kondena bakarrik egotea da, inorekin harremanik ez izatea, azalekoa eta itxurakoa ez bada. Bakardade hori, beraz, bizi daitekeen esperientziarik latzena eta etsipenezkoena da. Bakardadearen aurpegi asko dago gure artean: gizon-emakume adinekoak, beren etxeetan irauten dutenak, edo zahar-etxeetara bidali dituztenak, azken orduak nolabait igaro-tzeko.

Ez da asko idatzi bakardadeaz. Euskaraz, Atxagaren 'Gizona bere bakardadean' aipatuko nuke, gizon baten hautuaren ostean datorren bakardadea. Melvillek eta T.S Eliotek bakardade metafisikoa ekarri zuten gogora: 'Bartleby' eta 'The Waste Land', oraindik indarra duen poema-liburua. Hopperrek bakardadea pintatu du. Hirurek bakardadea giza ezagueratzat hartu zuten, ez dibertsio edo ihesbide gisa. Horra hor lehengo poesiaren eta orain artekoaren aldea: bakardadea gaur jolasa bada, orduan benetako kondena zen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad