Borrar

Atez-ate nafarroako dantzen inguruko informazioa bildu zuen apaizaren lana aitortuko dute

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak egingo dio Migel Anjel Sagaseta Aristegiri aitortza, elkartearen urrezko domina eskainiz. Larunbatean, Urdiainen egingo dute ekitaldia

Amalia Ibargutxi

Jueves, 13 de septiembre 2018, 00:50

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Dantzak bildu eta berreskuratzen eginiko lanagatik, eta Behe Nafarroako folklorea biltzen egindako lan ezinbestekoa eskertzeko, omenaldia egingo diote Migel Anjel Sagaseta Aristegiri. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak (EHTE) egingo dio aitortza, elkartearen urrezko domina eskainiz. Irailaren 15ean, Urdiainen (Nafarroa), egingo dute ekitaldia.

Martxoak 10ean onartu zuen EHTEaren Batzar Orokorrak, aho batez, Sagasetari ematea urrezko domina, Behe Nafarroako folklorea biltzen egindako «lan ezinbestekoa eskertzeko». Domina hori, elkarteak eskaintzen duen aitorpen gorena da, eta «Aita Migelen ekimenik gabe, egun plazetan dantzatzen diren jauzi asko, galduak liratekeelako» egin zuten hautaketa, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Aita dantzaria zuen Sagasetak, eta berak ere garatu zuen dantzarako gustua. Ederki egiten omen zuen dantza, eta lehenetarikoa izan ohi zen zortzikoa dantzatzera irteten, erakundeak esan duenez.

Miguel Angel Sagaseta Ariztegi 1941. urtean jaio zen Iturenen. Urteak igaro ahala, seminarioan ikasten ari zela, solfeoa eta txistua ikasteari ekin zion. Hala ere, bere anai Aureliok dioenez, «Migel Angel autodidakta da».

1966an, apaiz zelarik jada, Luzaideko Parrokiaren ardura hartu zuen eta bere hitzetan, orduan sortu zitzaion dantzak ez galtzeko dokumentatzeko beharra. «Bolanteak dantzan ikusten nituenean, beraientzat zerbait magikoa, sakratua zen, handitasun, dotoreziaz eta elkarren arteko sinkronizatze erabatekoaz egiten zutena. Gogoeta egin nuen orduan latza izango zela dantzok galtzea, eta biltzeari ekin nion, baina askozaz gehiago ziren eta guztiak bildu behar izan nituen».

Horrela ekin zion Euskal Herriko herrietan zehar bidaiatzeari: Aldude, Arnegi, Azkarate, Banka, Baigorri, Donaisti, Donapaleu bisitatu zituen, besteak beste, «ahal zuen guztia jasoz».

Informazio bilketa egiteko, etxez etxe ibili zen, bizilagunei galdezka. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa arakatu zituen, elkarrizketak behar haina errepikatuz, zalantza guztiak uxatu eta jasotakoa zuzena zela ziurtatu arte.

Bilketa lanean osatutako bildumarekin, 1977. urtean Luzaideko Iantzak izeneko lana argitaratu zuen, liburua erabateko arrakasta izan zen, denbora motz batean jada agortu zelarik. Liburuaren aurretik, 'Estudio de los bailes de Valcarlos' artikulua plazaratu zuen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariko 20. zenbakian.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios