Borrar
Etxerik ez eta aireportuan bizi behar. Reuters.
AsteRkaria

Ostatu bihurtu zen aireportua

Martes, 27 de mayo 2025, 00:42

Badaude oso metamorfosi harrigarriak. Horra hor nire lagun bikote batena: pisukide izaten hasi eta urte batzuk beranduxeago ezkondu ziren. Ba, denborak, errutinak… biok pisukide bihurtu ditu berriro. Hori izan da, behintzat, neskak bere bikotekideari, nire lagunari, leporatzen diona: pisukide bihurtu dela. Horra hor, ere T4arena: Madrid Barajas aireportuko hotel bihurtu den terminala. Eraldaketa batzuk gauetik goizera gertatzen dira; beste batzuk polikiago doaz. Aireportuarenak, dirudienez, bigarren bilakaera hori jarraitu izan du: hasieran hogeiren bat baino ez ziren baina gauetik gauera kopurua handituz joan zen. Joan den astearen hasieran 400 bat etxerik gabe zeuden bertan lo egiten.

Adierazgarriena da eten gabe leku batetik bestera doazenen eta inora ez doazenen arteko elkarganatze, talka, kontraesan hori: azken finean, denak, nolabait, bidaiariak dira; denak, zentzuren batean, pasadizoan daude; gaude. Batzuek zein besteek beren lekua bilatzen dute munduan.

Panorama gordin hori ikusita ez zitzaidan hain konponbide burugabea iruditzen: aireportuan erroldatzearena diot. Gainera oso helbide dotorea -politikari hori gustokoa daukat- deritzot: Adolfo Suárez aireportua, Av de la Hispanidad, s/n, 28042 Madrid. Baina, txat GPTek oso argi utzi dit hasiera hasieratik: «Ez dago aireportu batean erroldatzerik. Erroldatzeko, benetako eta ohiko bizilekua han izan behar dituzu«.

-Baina -erantzun diot, txat horrekin gero eta konfiantza gehiago daukat eta- jende horrek bai badaukala T4an «bere benetako eta ohiko bizilekua», bere bizileku bakarra: iluntzean, gainerakook etxeratzen garelarik, beraiek, naturaltasun osoz, aireporturatzen dira. Etxe, aterpe, hotel bihurtu dute terminala… -Gainera 'casoplona' da: hain zuzen ere -gehitu diot- Richard Rogers, arkitekto italo-britainiarra, izan zen T4a eraiki zuena, gizagaixo horien apartako egoitza diseinatu zuena: aire girotua, igogailua, eskailera mekanikoak, bista ezin hobeak, luxuzko dendak eraikuntzan bertan eta, batez ere, zaintza pribatua hogeita lau orduetan… Ez zaio ezer falta: ea nork esan dezakeen gauza bera bere pisuari buruz? Gainera hortxe luzaroan bizi daitekela adibide bikaina daukazu -erakutsi diot Txati- Wikipedian: Mehran Karimi Nasseri, (Sir Alfred) errefuxiatu iraniarra, Paris-Charles de Gaulle aireportuko 1. terminaleko aretoan bizi izan zen 1988ko abuztuaren 8tik 2006ko uztailean ospitaleratu zuten arte. Nasserik terminalako bazter bat «arnasgune» bihurtu -berriro hitz ditxoso hori- zuen. Bertako langileek, batzuetan, arropa garbitzen zioten eta sofa bat eman zioten. Eguna ematen zuen irratia entzuten, ekonomia ikasten, liburuak irakurtzen eta bere egunerokoa idazten; etxeko egongelan egongo balitz bezalaxe. Ezohikoa ohiko bihurtu zuen. Hortik atera zen bere autobiografia: 'The terminal man'. Eskarmendu horrekin -FilmaAffinityn informazio gehiago daukagu- Philippe Lioretek 'En tránsito' filmatu zuen. T4an luzemetraia askotarako bilbe soberan daude; Karimi ugari elkartzen dira bertan errealitatetik ihes, hegal egiteko loak hartu nahian. Baina ez, nire argudioek ez dute Txat konbentzitu eta aireportu bat iragaitzaz egoteko leku bat baino ez dela erantzun dit maitekiro. Aireportua, laburbilduz ezin dela ostatua izan. Tipo adimentsua bada GPTa; baita egoskorra baino egoskorragoa ere…

T4 terminaleko ostatuak agerian utzi du hilabete hauetan zehar herrialde honetako -bereziki Madrilgoa- espekulazioa, giza zerbitzuen prekarietatea eta, bereziki, metamorfosi ikaragarriak daudela: asteazken batean zure eguneroko bizitza daramazu eta ostegunean aireportuan erroldatzekotan zaude zerbaitek «errepidetik» atera zaituelako.

Pasa den ostegunetik Aenak eta udaletxeak berriro ezusteko hotel hori aireportu bihurtzekotan daude bere «bezeroak» kanporatzen, solairutik aldatzen edo alfonbrapean ezkutatzen: ez dute ulertzen benetako metamorfosia aireportutik kanpo sortarazi behar dela.

Nire laguna, eskerrak, oso pisukide ona omen da: dagokion alokairua ordaintzen du hilero eta etxeko lan gehiengoetan parte hartzen du.

Bai, lisatzea da gutxien gustatzen zaiona.

En fin.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ostatu bihurtu zen aireportua

Ostatu bihurtu zen aireportua