'Arimaren Margolariak' saio berria estreinatuko da gaur ETB1en
Euskal Herriko margolari amateur onena aukeratzeko helburua duen realitya gidatuko dute Koldobika Jauregi, Arantza Orbegozo eta Jorge Malkorra artista adituek
Zurekin
Astelehena, 21 urria 2019, 22:25
'Arimaren Margolariak' Euskal Herriko margolari onena aukeratzea helburua duen realitya hasiko da asteazken honetan, ETB1en eta eitb.eus-en (22:00etan). Programa horretan zortzi lagun lehiatuko dira hiru adituren begiradapean: Koldobika Jauregi (eskultorea eta Dantza pelikulako zuzendari artistikoa), Arantza Orbegozo (erretratista eta muralista) eta Jorge Malkorra (artista eta psikologoa).
Saio bakoitzean, margolaritzaren teknika desberdinak erabiltzeko gaitasuna eta artea erakutsi beharko dute zortzi lehiakideek, Euskal Herriko historiarekin eta nortasunarekin, azken finean gure arimarekin, lotutako gaiak mihisera eramanez. Geure lurraren arima margotzea izango du helburu saioak, eta teknika, talentua eta sentimendua izango dira nagusi. Sonia Ruak zuzendu du Newmediak eta ETBk elkarrekin ekoiztu duten programa.
Zortzi lehiakideak hauek izango dira: Jokin Telleria, 62 urteko beasaindarra; Idoia Iturri, 46 urteko Erandioko bizilaguna; Javier Igoa, 64 urteko lesakarra; Maria Goñi, 34 urteko iruindarra; Beatriz Gonzalez, 23 urteko usansolotarra; Pablo Blanco, 23 urteko zangotzarra; Mertxe Arana, 76 urteko donostiarra, eta Yoni Salaberria, 22 urteko goizuetarra.
Lehiakideek gai bat izango dute ardatz saio bakoitzean. Zortzi izango dira saio-sorta honek izango dituen atalak, eta zortzigarrenean, final handia ospatuko da. Hasteko, lehen saioan itsasoa izango dute oinarri, eta Pasaiara eta Ondarroara joango dira parte-hartzaileak. Gernikako bonbardaketa eta Picassoren koadroa izango dira, halaber, bigarren atalaren ardatz, eta, horretarako, Amorebieta-Etxanon eta Gernika-Lumon izango dira lehiakideak. Hirugarren saioak Zugarramurdira eramango ditu eta 65.000 urteko bidaia bat egingo dute denboran atzera, neanderthalek lehen labar-pinturak egin zituzten garaira.
Herri Epaimahaia eta inmunitatea
Denetarikoak dira, esan bezala, lehiakideak inspiratuko dituzten gaiak. Honela, bada, laugarren atalean pilotaz jardungo dira, eta Tolosa eta Bilbo izango dira kokaguneak. Bosgarren saioak Iparraldea izango du oinarri, zentzumen guztiak piztuko dizkien barne bidaia bat egingo dute lehiakideek Biarritzetik eta Urdiñarbetik pasatuta. Seigarren saioan, berriz, industria iraultzaz ariko dira, Portugaleten, Sestaon eta Bilbon. Zazpigarren atalean, Arabar Errioxa gai hartuta, mahasti artean ibiliko dira lehiakideak Guardia eta Samaniegon, eta azken saioa, final handia, sorpresa izango da 'Arimaren Margolariak' irabazteko txartela izango duten lehiakideentzat.
Atal bakoitzean bi proba egongo dira: Immunitate proba eta Kaleratze Proba. Programa amaieran Galeriara joango dira, eta bertan erabakiko da nork utzi beharko duen programa, nor izango den kaleratua.
Immunitate proba egin ondoren, saioa grabatu den herriko 15 bat lagunek Herri Epaimahai bat eratu eta koadro onena aukeratuko dute, boto bidez. Hartara, 'immunitatea' emango diote irabazi duen koadroaren egileari. Horrek esan nahi du ezingo duela Kaleratze Proba egin eta gero kaleratua izan, baina hori ez du jakingo Galeriara iritsi arte.
Kaleratze proba normalean luzeagoa izaten da, edo erronka handiago bat. Proba egin eta gero Galeriara joango dira, koadroak aztertuko dituzten tokira, hain zuzen ere. Galerian, banan-banan, hiru adituek koadroak aztertuko dituzte, iruzkin bat egin, eta amaieran programa nork utzi behar duen erabaki eta jakinaraziko dute.