Ez dugu adostu non dagoen pertsona batentzat aro baten eta bestearen arteko muga, baina funtsezko adostasun batzuk ditugu. Hala nola, haurtzaroan dagoena haurra da, nerabe izateko haur izateari noiz uzten dion ez badakigu ere. Berdin nerabezaroarekin, aro horretan dagoena nerabe da, gaztaroan dagoena gazte den bezalaxe. Gauza bera helduaroarekin, aro horretan dagoena heldua da, egoera horretako mugak bakoitzak bere puntuan kokatzen baditu ere, gazte izateari eusteko ahalegin guztiak egiten baditu ere.
A, baina zahartzaroan dagoena ez da zaharra, zaharrak trasteak edo trapuak omen direlako, pertsonak ez, ezta 100 urte bete dituena ere. Hor ere mugak ez daude garbi, zahartzaroaren hasiera koka daiteke 65/67 urtetan, erretiroarekin batera, Nazio Batuek egiten duten bezalaxe, edo 70 edo 80tan. Baina adostu beharko dugu zahartzaroa egon badagoela, zaharrik ez badago ere. Horretarako zukutzen dugu burmuina ordezko hitzak asmatzeko, adindua, hirugarren adinekoa, nagusia … edozer, zaharra ezik. Horrexegatik ahalegintzen gara ez garena antzezten, dikotomia bat onartzen dugulako: gazte = on, zahar = txar.
Kontu eztabaidaezina da, ordea, urteek aurrera egin ahala zahartu egiten garela. Gogoan dut ama zenarekin kalean nindoala bere ezagunen batekin topo egin, hitz batzuk trukatu eta banantzerakoan amak sarritan esaten zuela, ai ene, nola zahartu den… Nik esaten nion pertsona horrek horixe pentsatzen zuela gutaz eta amak ezetz, gure kasua ez zela hori. Zorionez, egunez egun zahartzen gara eta horrek erraztu egiten du kontua, ez da bat-batean gertatzen.
Baina, aldez aurretik hiltzen ez bazara, gertatzen da eta halako batean bitatik bat: gaixotasunez inguratuta dagoen pertsona osasuntsua zara edo osasuntsu dagoena setiatzen duen gaixoa. Eta ezin duzu guztiz aukeratu, gertatu egiten zaizu.