Kailua zapaldu digute
Manadaren kasuan bezala, egunotan, asteotan emakume asko jarri ditu zutik Rubialesen kasuak. Geroztik entzun eta irakurri dut azterketa ugari, hedabideetan eta kaleko edozein bazterretan. Beste edozeren gainetik, askoren harridura aipatu nahi dut, nola harrapatu dituen protesta olatu horrek ustekabean.
Harritu dira barruan duten matxismoaren kontra borrokan ari diren gizonak, harritu dira dauden horretan gozo dauden gizonak, are feminismoaren aldarri batzuk urrutiegi eta lasterregi doazela pentsatzen duten gizonak. Harritu dira eta gertatu dena aztertzerakoan hedabideak eta gobernuaren maltzurkeriak izan dira aukeratu dituzten errudunak.
Askotan gertatzen den bezala, aztertu dute mugimendu feminista alderdi politiko bat balitz bezala: korronteak, botere katea, karguak, eztabaidak. Ez zaie buruan sartzen edo ez dute mugimendua zer den ezagutzen.
Mugimendu feminista ez da alderdi politiko bat, ez du lider bat gailurrean eta lider izan nahi dutenak haien azpitik, geruza desberdinetan banaturik. Oso bestelakoa da mugimendu feminista.
Hori bai, borondaterik hoberenaz esplikatzen digu gizon askok, ezkerretik nahiz eskuinetik, zein den feminismo zintzoa, zein gaiztoa eta zein erdipurdikoa, non ditugun oztopoak, non arriskuak, non arerioak, non adiskideak, zein den abiadura aproposa, zein norabide zuzena. Eskertzen ditugu aholkuak.
Baina kanpainak kanpaina, hedabideak hedabide, ulertu ez dutena da zergatik altxa den Rubialesen kasuan altxatu den olatua. Ez du inolako liderrik agindu, ez du inork erabaki. Besterik gabe, gertatu da ia emakume guztiok egin dugulako topo Rubiales batekin lanean edo kalean eta hori gertatu zaigunean, gertatu zaigunetan, gehienetan erantzun bakarra isiltasuna izan delako, ez garelako erasogileari erantzuteko gai izan. Kailua zapaldu digutelako gertatu da.