Aitortu nahi dut, lehen lerrotik, hauteskunde kanpainak interesatzen zaizkidala, are gehiago, gustuko ditudala. Ez naiz, hautagaiekin batera, bakarra izango, bai, ordea, gutxiengo nabarmen baten kide. Zer egingo diogu ba, nork bere perbertsioak.
Publicidad
Gustatzen zait irudikatzea pertsona multzoak ni nola konbentzitu asmatu nahian, mahai baten inguruan edo ordenagailuan nire botoa lortzeko zer esan, non, noiz, nola, erabaki nahian. Gustuko dut irudikatzea nola ahalegintzen diren talde horiek hautagaien bertsiorik hoberena aukeratzen, nola ezkutatu honen harrokeria, bestearen ezgaitasuna, nola azpimarratu hautagai baten begikotasuna edo nola ezkutatu oraindik ezabatu ez duen matxismoa.
Konpondu dituzte azken momentuan kale eta espaloiak, inauguratu dute ahal zuten guztia, are lehendik ere inauguratua zegoena, erein dituzte berriz ere lozorroan zeuden promesak, behin eta berriz atzeratutako proposamenak, ezinezkoak nahiz posibleak, esplikatu digute beraiek guztien onerako ari direla lanean eta gainerakoak ez, beste guztiak elektoralismoaren menpe daudela, beste guztiek interes ezkutu eta maltzurrak dituztela. Erlijio guztietako fededunek uste dute gainerako erlijio guztiak faltsuak direla eta guztiek dute arrazoi.
Orain, zuzenean, botoa eskatuko digute, irribarrez gehienetan, orain kasu egingo digute luzaroan entzungor egin dutenek, orain gure menpe daude, kaleargietatik zintzilik, paretetara erantsiak, kaleetan zapalduak, postontzietan gutxietsiak, zakarrontzietan. Batzuk badakite irabaziko dutela, beste batzuk galduko dutela dakiten bezalaxe. Guztiek dituzte prestatuak emaitzak jakingo diren gauean esango dituztenak.
Eta, bitartean, askori ez zaizkio hauteskundeak interesatzen, ez datozen hauek ez hurrengoak, edo gorroto dituzte kanpainak, gezurrezko antzezpenak iruditzen zaizkielako edo alferrikako xahupena. Edo, zuzenean, mutur sartze lotsagabea,
Publicidad
Ez omen dute kanpainek ezertarako balio, dauden horretan behintzat, jende askok ohikeriaz ematen omen du botoa, leialagoak omen dira alderdiarekiko bikotearekiko baino. Jende askok, gero eta gehiagok, ez du botorik ematen, uko egiten dio hauteskundeei, utzikeriaz edo horrela erabakita. Nonbait, hautesleok tranpa guztietan erortzen gara, are lotsagabeenetan.
Agian kanpaina baten barruan botoa aldatu izan duen gutxi horietakoa naiz. Ez diet, ordea, hautagaiei ilusio hori kendu nahi, lehian ikusi nahi ditut, eskean.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión