Ez etxe ez hilobi
Haurtzaro osoko etxea kanposantu batetatik hurbil zegoen eta hurbiltasun horrek misterioa kentzen zion lekuari. Misterio guztia kanposantu handiaren ezkerraldean zegoen esparru txiki batek biltzen zuen, han lurperatutakoek ez omen zutelako besteak bezala ehortziak izateko eskubiderik. Galdetzen genuenean ez ziguten helduek argibide garbirik ematen, hortik misterioa.
Gainerako kontuetan, kanposantua, tarteka, jolastoki izaten genuen inguruko haurrek, paseoan ere ibiltzen ginen bertan eta hilerriko hasieran zeuden hilobi dotoreak primeran ezagutzen genituen. Han zeuden marmolean idatziak hiriko familia boteretsuenen izen abizenak. Gero, bukaeran, horma hilobiak, bestelako hilobiak erosteko dirua ez zutenentzat eta haien ondoan aldi baterako hilobiak, hamar urte bete ondoren hustu eta gorpu berri bat jasotzen zutenak. Orduan ikasi nuen aberatsek aberats izaten jarraitzen zutela hil ondoren ere.
Hurbiltasunaren poderioz, sarritan joaten ginen helduekin kanposantura eta bisita horietan beti zegoen zereginen bat, loreak zaindu edo hilarriaren distira berritu, ez zezan inork pentsa bertan hilobiratutakoak ahaztuta zeudenik. Helduak horretan ari ziren bitartean, guk ezkutaketetara jolasean ibiltzen ginen. Bisita horretan hilobi batetatik bestera joaten ginen, hemen amaren gurasoak, han aitarenak, urrutiago guretzat ezezagun zirenak. Guztiak sakabanatuak.
Agian horregatik eman zioten gurasoek buelta bat baino gehiago hilobi bat erostearen kontuari. Behin baino gehiagotan aipatu zuten gaia bazkalorduan. Alokairuan genuen etxea erostea, berriz, ez zen sekula aipatu. Gurasoek bazekiten ezin zirela etxearen jabe izan, baina pentsatu zuten agian hilobi bat erosteko moduan izango zirela. Baina ez, ezta hilobia ere. Amak kontatu zuen bazkari batetan hori ere garestiegi zela guretzat. Ez etxe ez hilobi.